'Paterra askatu! Minutu bat gehiago ez' lelopean elkarretaratzea, bihar

Erabiltzailearen aurpegia Herrira 2013ko mar. 19a, 11:29

Bihar, martxoak 20, 19:00etan izango da elkarretaratzea plazan. Izan ere, bihar bertan berraztertuko du Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak Ines del Rio presoaren kasua, eta epai horrek zigorra bete ondoren espetxean jarraitzen duten preso guztiengan eragingo du; Juan Karlos Arruti Paterra, tartean.

Bihar, martxoak 20, elkarretaratzeak egingo dira Euskal Herri osoan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak Ines del Rio presoaren kasua berraztertzeko saioa egingo du-eta. Hurrengo hilabeteetan ezagutzera emango den epaia, Tafallako presoari ez ezik, zigorra osorik bete ondoren espetxean jarraitzen duten preso guztientzat (72 momentu honetan, Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarra barne) erabakigarria izango da. Horregatik, biharko antolatu ditugun mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi diegu herritarrei, baita euskal jendarte osoari ere.

Bihar, Areto Nagusiaren bilkuraren egunerako ehunka mobilizazio antolatu dira Euskal Herriko herri eta hirietan, eta Azpeitian ere bai: ikastetxeetako ikasleek 12:00etan egingo dute elkarretaratzea, eta 19:00etan beste elkarretaratzea izango da plazan Paterra askatu! Minutu bat gehiago ez! lelopean.

Bistan da euskal herritar gehienok bat egiten dugula Estrasburgoko epaiarekin, eta espetxe politikan bizi dugun blokeoa gainditzen hasteko aktibo gisa kokatzen dugu. Era berean, argi dago jendartea ez dagoela ados preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriekin, haien giza eskubideak urratzen dituztelako, amaierarik gabeko sufrimendua sortzen dutelako eta konponbiderako eta bakerako oztopo larria direlako.

Hori dela-eta, jendartean dagoen adostasun zabala, Europako estatu eta instituzioetara eramateko unea dela uste dugu. Horrekin batera, herritar orori dei egiten diogu, bere ekarpena baikortasunean egiten jarrai dezan borondateak gehituz, eta giza eskubideak, irtenbidea eta bakearen pankartaren atzean, etorkizuna eraikitzen jarrai dezan.