Askotariko doinuak eta giro aparta, Gaztetxearen Bertsio Gauean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2022ko mar. 14a, 16:38

Hamar taldek parte hartu zuten zapatuko Bertsio Gauean. Besteak beste, Lukiek, Roten XIII, Berri Txarrak, J Martina, The Baboom Show, Korroskada eta Siete Balas taldeen abestiak bertsionatu zituzten, baita Quentin Tarantinoren eta Ennio Morriconeren filmetako kantu ezagunak ere. 

Bi urteren ostean, Bertsio Gaua izan zen larunbatean Azpeitiko Gaztetxean. Gazte ugarik parte hartu zuen ekitaldian, eta jende asko bertaratu zen emanaldira. 20:00etan ireki zuten Gaztetxea, eta bertaratu zirenek han egindako pizzak afaltzeko aukera izan zuten. Musika emanaldiak 21:30 pasatxo hasi ziren, eta, guztira, hamar talde igo ziren Gaztetxeko oholtza txikira.

Talde bakoitzak hiruzpalau abesti eskaini zituen, eta askotariko doinuak entzun ahal izan ziren Bertsio Gauean. Besteak beste, Lukiek, Roten XIII, Berri Txarrak, J Martina, The Baboom Show, Apunta, Korroskada, Kaos Urbano eta Siete Balas taldeen abestiak bertsionatu zituzten, baita Quentin Tarantinoren eta Ennio Morriconeren filmetako kantu ezagunak ere. Gaztetxearen 16. urteurreneko abestiaren bertsioa egitera ere animatu ziren zenbait gazte. Giro paregabea izan zen emanaldiek iraun bitartean, eta bertaratutako herritarrek gogoz abestu zituzten oholtzara igo ziren kideek eskainitako kantuak. 

(Argazkiak: Azpeitiko Gaztetxea)