Gaztetxearen ikasturte hasierako batzar zabala izango da ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2020ko urr. 5a, 09:17

Azken hilabetean isilik ibili bagara ere, ez gaude geldirik. Azken asteetan ideiak elkarbanatu ostean ikasturtea hasteko prest gaude, eta beraz, ostiral honetan izango den batzar zabalera etortzeko deia luzatzen dugu.

Testuinguru berezi baten aurkitu bagara ere, ekintza ugari antolatu ditugu Gaztetxean azken hilabete hauetan. Egun bizi dugun errealitatea modu kritikoagoan aztertzeko aukerak eman dizkigu hilabete hauetan egindako hausnarketek, eta gainera, hizpide izan ditugu aisialdi ereduaren inguruko gogoetak nahiz genero problematikaren gaia. Aurten indartsu ekin nahi diogu ikasturte berriari eta datorren ostiralean, hilaren 9an, 18.30ean emango diogu hasiera ikasturte honi, urtero antolatu ohi den batzar zabalarekin.

Bertan, orain arteko funtzionamendua azaltzeaz gain, berrikuntzak eta taldeen inguruko azalpenak ere emango dira. Derrigorrezkoa izango da maskararen erabilera, eta segurtasun neurriak une oro errespetatuko dira.

Beraz, Gaztetxean parte hartzeko interesa duen orori bertaratzeko deia egiten diogu.

Bertan ikusiko dugu elkar!