Umorea eta aldarria eskutik, Gaztetxeko elkartasun bertso afarian

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2019ko ira. 23a, 13:11

Erresistentzia Kutxa Nazionalaren aldeko elkartasun bertso afaria izan zen joan zen ostiralean, hilak 20, Azpeitiko Gaztetxean. Erraki gune autogestionatuen babes sareak abiatutako egitasmoari bultzada emateko bertso saioa izan zen, eta Jon Gurrutxaga azpeitiarra eta Aitor Bizkarra abadiñoarra aritu ziren kantuan. Afaria 21:30 pasatxo hasi zen, eta afalostean ekin zioten bertsoak botatzeari Gurrutxagak eta Bizkarrak. Librean aritu ziren lehenik, eta Julen Iparragirrek jarritako gaiei jarraika ondoren. Bertsolariek ez ezik, saioan parte hartu zuten afarira bertaratu ziren lagunek, bertsoaren bueltan egindako joko bati esker. Umorea eta aldarria eskutik joan ziren bertso saioak iraun zuen bitartean, eta ez ziren falta izan gaztetxeen eta langile kontrol espazioen aldeko mezuak. 

Azpeitiko Gaztetxeak eta Krisiaren Seme-alabak taldeak antolatu zuten bertso afaria elkarlanean; izan ere, Gaztetxea eta Krisiaren Seme-alabaken proiektua Errakiri lotutako espazioak dira. Horrek esan nahi du, bi talde horiek prest daudela beren alea jartzeko Erraki eraginkor izan dadin, izan baliabide pertsonalak eskainiz, izan baliabide materialak utziz edo beste hainbat modutara babes erreminta indartuz. Hori dela eta, bertso afarian irabazitako dirua Erresistentzia Kutxa Nazionalera bideratuko dute.