Hainbat lagunek parte hartu dute Gaztetxe Ibiltaria egitasmoan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2019ko uzt. 1a, 11:59

Joan zen ostiraletik atzora bitartean Azpeitiko Gaztetxeak aurrenekoz antolatutako Gaztetxe Ibiltaria egitasmoan parte hartu dute adin ezberdinetako hainbat gaztek. Zumaia-Itziar-Mutriku-Azpeitia ibilbidea egin dute hiru egunetan, eta ibilaldiaz aparte hainbat ekintza egin dituzte parte-hartzaileek, elkar ezagutzeko eta elkarrekin ondo pasatzeko.

Ostiralean ekin zioten Gaztetxe Ibiltariari, eta eguraldi ederra lagun, Zumaia-Itziar ibilbidea egin zuten motxilak soinean hartuta. Beroari aurre egiteko, Sakonetan bainu ederra hartzeko parada izan zuten gazteek, eta horren ostean indarberrituta jarraitu zuten mendi txangoarekin. Behin Itziarrera iritsita, hainbat lagunek bazkaria prestatu zuten, eta gainerakoek bazkaltzeko mahaia prestatu zuten. Eguna amaitzeko, aisialdi ereduaren inguruan hausnartzeko hainbat dinamika egin zituzten, jolasen eta ariketa didaktikoen bitartez. Behin horiek eginda, Kantu Leporen abesti liburuxkako abestiak elkarrekin kantatuta amaitu zuten eguna. 

Itziarren gaua pasatu ostean, Mutriku aldera abiatu ziren parte-hartzaileak zapatu goizean. Eguerdirako iritsi ziren Mutrikuko Muga gaztetxera. Motxilak bertan laga ostean, sabelak betetzeko eta atseden hartzeko tartea hartu zuten gazteek. Arratsaldean Mutrikuko hondartzara joan ziren, eta ostiralean aisialdiaz hausnartu bezala, harreman ereduen inguruan hitz egin zuten zapatuan. Horretarako ere hainbat jolas egin zituzten.

Prestatutako dinamikak amaituta, aisialdiaz gozatzeko eta ondo pasatzeko aukera izan zuten gazteek. Atzo, igandea, amaitu zen Gaztetxe Ibiltaria, eta Azpeitira bueltan, egitasmoan parte hartu zuten gazteek mokadutxoa egin zuten Gaztetxean, asanbladako kideekin batera, ekimenari bukaera borobila emateko eta esperientziak elkarbanatzeko. 

Hona hemen, Gaztetxe Ibiltaria egitasmoko irudi batzuk.