Udarekin batera, badator Azpeitiko Gaztetxe Ibiltaria

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko eka. 4a, 19:05
Iristear den udara begira, ekimen berri bat du esku artean Azpeitiko Gaztetxeko asanbladak: Gaztetxe Ibiltaria. Egitasmoa 2002 eta 2003 urteetan jaiotako gazteei zuzenduta dago, eta ekainaren 28tik 30era bitartean izango da. Egun horietan, Zumaia-Itziar-Mutriku-Azpeitia ibilaldia egingo dute ekimenean parte hartzera animatzen diren gazteek. \ \ Urtea hastearekin batera hasi ginen ekimenari forma ematen, eta hilabeteotan adin horretako gazteekin harremanetan jarri gara egitasmoaren berri emateko, beren iritziak jasotzeko eta grinak ezagutzeko. Aurrez aurreko harremanen aldeko hautua egin dugu, eta, modu horretan, elkarrekin osatu dugu Gaztetxe Ibiltariko egitaraua. Egonaldiak iraungo duen egunetan, herriz herriko mendi txangoa egiteaz gain, denetariko jarduerak egingo ditugu, hala nola jolasak edo aisialdiaren eta harreman ereduen inguruko hainbat dinamika. Otorduak ere elkarrekin prestatuko ditugu, eta, horrela, sukaldean aritzen ikasteko aukera izango dute gazteek. \ \ Dagoeneko hainbat gaztek eman du izena Gaztetxe Ibiltarian, baina izen-ematea irekita dago. Beraz, interesa dutenek edo informazio gehiago eta zehatzago jaso nahi dutenek, mezu bat bidali beharko dute 'azpeitikogaztetxie@gmail.com' helbidera, izen-abizenak eta adina zehaztuz. Izena emateko azken eguna hilaren 19a izango da, eta data horretatik kanpo egiten duenak ez du Gaztetxe Ibiltarian parte hartzerik izango. Eskertuko genuke ahalik eta azkarren egitea izen-ematea. \ \ Animatu! Uda hasteko esperientzia aparta izango da!