"Langileok jasaten dugun estrukturazko biolentziaren izebergaren punta da lan istripuen auzia"

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko Gaztetxie | Ekonomia
2019ko mai. 22a, 14:48

Aste honetan kapitalak erail dituen bi langileen familiei zein ingurukoei elkartasuna eta animorik beroenak adierazi nahi dizkiegu, eta egoeraren larritasuna ikusirik, honako irakurketa hau zabaltzea erabaki dugu.

Astelehenak kolore beltza hartu zuen langileontzat. Goizaldean, baso ustiaketan zebilen langile baten ezbeharraren berri jaso genuen. Ondoren, Zarautzen antzeko lan istripu bat gertatu zela jakin genuen; kasu horretan behargin bat garabi batetik jauzi ostean hil zen. Biak ala biak emaitza gordin berarekin: bizitza aurrera atera nahian, lanak hil ditu beste bi behargin.

Ez gara nekatuko arazoaren muina azaleratzeko ahaleginean, sustraiak bertan utziz gero sasia berriz irteten baita. Helburu bakartzat kapitalaren akumulazioa duen sistemak jarri gintuen, gaitu eta jarriko gaitu antzerako gertakari samingarrien aurrean. Kapitalismoak berarekin dakarren konpetentzia sutsuak langileon etekinen zukutzea dakar, eta, ondorioz, gure bizitzen zukutzea, askotan heriotzeraino. Ondorioek axola gabe, lanaldiak luzatzen dizkigute, produkzioa azkartzera behartzen gaituzte, presio bortitzak pairatu ohi ditugu eta abar luze bat.

Nolabait, eta behargin horien heriotzei larritasuna kendu gabe, langileok jasaten dugun estrukturazko biolentziaren izebergaren punta da lan istripuen auzia. Kapitalaren dinamikak langileon bizitzen osotasuna baldintzatzen baitu: lan postuetan zuzenean bizi ditugunetatik hasi (osasun arazoak, miseriazko soldatak, estresa…), honen ondorio zuzenetatik segi (etxekaleratzeak, isolamendua, depresioak, harremanen desnaturalizazioa…) eta mundu mailako fenomenoetaraino (gerrak, krisialdiak, sakeoak, faxismoaren gorakada…).

Behin eta berriz ikusi eta senti dezakegu etekinen norabideak langileria zein tokitan uzten duen. Baina norabide horrek, interes batzuei erantzuten die, burgesiaren interesei alegia, eta, beraz, arduradunak ditu. Kasu zehatzetan arduradun hauek seinalatzeaz gain, gure betebeharra da egoera hau irauliko duen baldintzak sortzea.

Muturren parean dugun errealitatea ez da nolanahikoa, eta, beraz, gaur arratsaldean egingo den mobilizaziora deitzearekin batera, ezinbestekoa deritzogu langile batasunaren eta antolakuntzaren aldarrikapena egitea, baturik eta ondo antolaturik soilik gauza baitaitezke langileriaren interesei erantzungo dieten estrukturazko aldaketak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu