Hausnarketarako, eztabaidarako eta ondo pasatzeko hitzorduz josita dator Gaztetxeko Gazte Astea

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko api. 27a, 13:16
Ate joka dago Azpeitiko Gaztetxearen Gazte Astea. Izan ere, astelehenean hasiko da gazte asanbladak urtero antolatzen duen zazpi eguneko egitasmoa. Gaztetxeko kideek denetariko ekintzak prestatu dituzte beste urte batez, betiko formatuari jarraituz. \ \ Gazte Astean ohitura den gisan, solasaldiak, eztabaida praktikoak, bazkari-afariak, parrillada, parodia kritikoa eta txokolatada izango dira datozen egunetan, Gaztetxean nahiz Azpeitiko plazan. Iazko estreinaldiaren ostean, Korto Txapelketa Gaztetxera itzuliko da Potepintxo eta guzti, baita igande arratsaldeko kontzertu akustikoa ere. Hitzordu hori nabarmendu nahi dugu. Izan ere, larunbateko festaren ondorena Gaizkillek eta Pirok goxotuko digute aurten, eta ziur emanaldi ederra eskainiko dutela igande arratsaldez.\ \ Hastear dagoen Gazte Astearen barruan hiru hitzaldi entzuteko aukera izango dute Gaztetxera bertaratzen diren lagunek. Hitzaldi bakoitza gai jakin baten ingurukoa izango da. Aurten, bizi dugun testuinguru honetan interesgarriak iruditzen zaizkigun hiru gai aukeratu ditugu Gazte Astean lantzeko: soldatapeko lanaren eredu berriak, genero auzia eta festa eredua. Lan prekarioak gero eta ohikoagoak direla salatzen dugu behin eta berriz, baina uste duguna baino gutxiago dakigu horien inguruan.Gaiaz gehiago jakiteko eta ondoren sakonago hausnartu ahal izateko RALeko kide bat gonbidatu dugu Gazte Astera. Horrez gain, genero auziaz arituko gara. Horretarako, Itaia emakume sozialisten sareko kideak gonbidatuko ditugu. Genero auzia klase ikuspegitik lantzen du Itaiak. Hirugarren eta azken hitzaldia, berriz, inguratzen gaituen festa eredu kapitalistaren ingurukoa izango da, eta hausnarketara zabalik egongo da. \ \ Iaz bezala, Gazte Astearen barruan hartuko dugu Maiatzaren Lehena. Egun horretarako mobilizazioa deitu dugu herriko hainbat eragilerekin batera. Hain zuzen, ELA eta CNT sindikatuek, Gaztetxeak, Krisiaren Seme-alabak taldeak, Elkar-ekinek, Ikasle Abertzaleakek eta 631CP Urola Firm taldeak babesten dute Maiatzaren 1eko hitzordua. 19:00etan izango da, plazan. Datorren astean emango dugu egun horren xehetasunen berri.\ \ Hemen uzten dugu egitaraua osorik. Nahi izatekotan, Gaztetxean ikusiko dugu elkar! Aste ederra dugu aurretik!\ \ Iazko Gazte Asteko laburpen bideoa, hemen: https://www.youtube.com/watch?v=2hjmTXrsFec