Gipuzkoako Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen Topaketan ere Pasaiako segadaren urteurrena gogoan

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko mar. 23a, 12:37
Gipuzkoako Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen Topaketetan ere gogoan eduki dugu Pasaiako segadaren 35. urteurrena. Atzotik Hernanin gaudenez, ezin izango dugu urteurrenaren harira antolatutako ekintzetan parte hartu, baina hemendik egin nahi izan diogu keinu 35. urtemugari.\ \ 35 urte igaro dira 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian Komando Autonomoetako (KAA) lau kide guardia zibilak akabatu zituenetik. Horietatik bi azpeitiarrak ziren, Kurro eta Pelitxo. Testuinguru politiko bizian jasan ziren gertaera hauek; talde armatu iraultzaileen presentzia nabarmena zen Euskal Herrian, eta mugimendu sozial eta politiko erraldoi hau geldiarazteko estrategiak ere martxan zeuden Estatu espainoleko erabakigune nagusietan. Felipe Gonzalez, Alfonso Guerra eta abarren gobernu garaian aurkitzen gara, GAL eta guda zikinaren urteetan.\ \ 1978ko konstituzioak argi uzten zituen bere barne irizpideak. Bestela esateko, irizpide hauetatik kanpo lerratzen zen oro inkonstituzionala eta ilegala bihurtzen zen.Euskal Herriko mugimendu politiko iraultzaile guztiek apurketa suposatzen zuten 78ko erregimenarekin, jabetza eta akumulazio pribatuan oinarritzen zen lege sistemaren aurrean sozialismoaren hautua aktiboki bere eginez eta Espainiaren zatiezintasunaren ordez autodeterminazio eskubidea eta independentzia aktiboa gauzatzen baitzuten. Programa politiko honek ezintasun nabarmenak zituen estatuen barne politiken araudietan txertatzeko, Euskal Herriko mugimendu iraultzaileek Estatu espainolak politikari ezartzen zizkion mugak etengabe gainditzen baitzituen. Era berean, 78ko konstituzioaren irabazlea zen (eta mantentzen den, noski) bloke oligarkikoak programa politiko honen gauzapena legalki zein ilegalki erreprimitzen zuen, guztiz bateraezina baitzen geopolitikan Estatu espainolari ezarritako akumulazio ardurekin zein barne- politikarekin. Egun ikus dezakegu nola marko konstituzionala \ ezkerretik gainditzen duen mugimendu politiko oro sistematikoki erreprimitua den, eta nola ez den berdina gertatzen Europar Batasunetik exijitzen diren aldaketa konstituzionalekin.\ \ Gure partetik, memoria ariketa bizia egitea dagokigu komunismoan gizartea antolatzeko modu etiko, arrazional eta justu bat aurkitzen dugunon artean. Historiaren amaiera ez da gauzatu, eta mendebaldeko gizartean proletarioa biderkatzen ari den honetan independentziaren eta sozialismoaren zehar lerroak egungo testuingurua ekartzea dagokigu. Langileon kontzientzia iraultzailea minduta eta ia desagertuta ageri zaigu, porrot lazgarrien ondorioz zauritua eta lan dinamiken eraginez zatitua. Konbentzimendua dugu ordea subjektuak eraiki egiten direla, diskurtsoetatik haratago. Programa politikoen arrazionaltasunak gizartearen barne dinamikei erantzuten die, eta egun gizartearen deskonposizio fenomeno baten hasierako uneetan aurkitzen gara. Bidea bere osotasunean egiteko dago, beraz.\ \ Elkartasuna gizartearen oinarri etikoa izango den eta harreman komunitarioek gorpuztuko duten Euskal Herriaren aldeko apustua egin dugunok ezinbestean gure borroka historikoaren partaide izan direnen memoria bizitzea dagokigu. Honenbestez, Pasaiako Sarraskian erail zituzten borrokalarien memoria gure egiten dugu eta apustu historikoa partekatzen, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko eta kapitalismoaren aurkako lema. \ \ Amaitzeko, behar-beharrezkoak iruditzen zaizkigu urte luze hauetan martxoaren 22ko zein hurrengo egunetako gertakariak argitzeko egin diren lan nekaezinak, bai eta urtero gudari hauen omenez antolatu diren dinamikak. Bat egiten dugu, beraz, hurrengo egunetarako antolatutako ekintzekin.\ \ Gutako asko Hernaniko Kontrakantxa gaztetxean gaude, Gipuzkoako Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketetan. Horrenbestez, ezingo dugu Azpeitiko ekintzetara edo omenaldietara joan, baina horren jakitun, keinu hau egin nahi izan dugu.