M8: Batu eguneroko borrokara!

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko Gaztetxie | Gizartea
2019ko mar. 8a, 01:06

M8: Batu eguneroko borrokara! Batu iraultzara!

"Proletargoaren iraultza da eskolarik hoberena.
Historia da huts egiten ez duen irakasle bakarra".

Rosa Luxemburg.

Gaur egungo sistema kapitalistaren koiunturan, aurrera begira lanean eta borrokan jarraitzeko ezinbestekoa da atzera begira jartzea. Emakumeek era guztietako jazarpenak jasan izan dituzte historian zehar. Emakumea subjektu zapaldua izan da historikoki. Zailtasunen aurrean beti erakutsi du borrokarako grina, iraultzarako indarra eta gaitasuna.

Martxoaren 8a emakume langileon borrokei oso lotuta dago. Emakumeak lan merkatura sartu ziren unetik bertatik jasan behar izan zituzten lan baldintza prekarioak. Jazarpen horiek salatzeko eta beren eskubide politikoak eta ekonomikoak aldarrikatzeko deitu zituzten mobilizazioek emakume langileen askapen borrokaren historia markatu dute. Horren erakusle dira, 1911ko New Yorkeko sutearen osteko mobilizazioak, Errusiako emakume langileen protestak 1917an, Lawrenceko 1912ko ‘Pan y rosas’ izeneko mugimendua, ehungintzan aritzen ziren emakumeen mobilizazioak, Bartzelona eta Hernani, kasu. Protesta eta borroka horiek guztiak irakaspenak dira guretzat. Horregatik, ozen diogu: martxoaren 8an ez dugu ezer ospatzeko! Historiak erakutsi digu martxoaren 8a borrokarako eta kalera ateratzeko egun bat izan dela, eta gu, aurtengo greban ere, horretan berresten gara.

Argi daukagu dominazio kapitalistak ekonomiaren eta produkzioaren esfera gainditzen duela eta gure bizitzako esparru guztietan eragiten duela, gure gorputzak ordenatuz eta kategorizatuz. Bere dominazio forma guztiak naturalizatuz eta gure bizitzen gaineko kontrola kenduz. Horrela, gure bizitzetako esparru guztiak ideologia dominatzailearen terminoetan eta bere interesen arabera ordenatzen dira. Horren barnean sartzen dira emakume langilea behin eta berriro zapaltzeko sortutako instituzio eta egitura guztiak: familia egitura nuklearra, lanaren banaketa sexuala, zaintza lanen ‘feminizazioa’, gure gorputzen sexualizazio basatia, indarkeria estrukturala, haurdunaldiaren merkantilizazioa, soldata arrakala, genero sistema binarioa…

Kapitalismoak sostengatzeko eta sistema birproduzitzen jarraitzeko –kapitala metatzen jarraitzeko–, beharrezkoa du langile klasearen erreprodukzioak bere baitan sortzen dituen zaintza lanei erantzutea. Azken finean, produkzioaren esferan egiten den lana sostengatzeko beharrezkoa da egunero jatea, haurrak eta adinekoak zaintzea, arropa garbitzea… Eta lan horiek guztiak norbaitek egin behar ditu. Gaur egun, baliabide ekonomikorik ez duten emakumeek beren gain hartzen dituzte zaintza lanak. Aldiz, azken urteotan garatzen eta zabaltzen ari den zaintza eredua emakume migranteen esplotazio basatian nahiz guztiz ‘feminizatua’ dagoen sektore honen lan baldintza prekarioagoetan oinarritzen da –-azken hilabeteetan erresidentzietan egiten ari diren grebek erakutsi diguten bezala–. Merkantilizazio honekin amaitzeko, beharrezkoa da zaintza lanen berrantolaketa soziala, esplotazioan oinarrituriko produkzio eredu honekin amaitzea eta elkartasunean oinarrituko diren harreman sozialak eraikiz zaintza lanak kolektibizatzea.

Beraz, kapitalismoak aldarri feministak edukiz hustu dituen garaiotan (Inditexen ‘feminismoa’ kasu) martxoaren 8a aldarriz betetzea tokatzen zaigu. Egun horren atarian ezin ditugu aipatu gabe utzi egunero egunero kalean, etxean nahiz lantokietan emakume langileon eskubideen eta askatasunaren alde borrokan ari diren emakume guzti horiek. Askatasunaren eta emantzipazioaren borroka ezin dugu bereizi gizartearen eta gure arteko harreman sozialen eraldaketatik. Egunero dagokigu borrokatzea, feminismo aldarriak kalera ateratzea, gure militantzia esparruetan borroka honi behar duen garrantzia ematea, gure eskubideen defentsan lan egitea, indarkeriaren aurka autodefentsa antolatzea…

Horregatik, martxoaren 8ko greban gu ere kalera aterako gara. Era berean, dei egiten dugu Azpeitiko eta tokian tokiko mobilizazioetan eta prestatutako ekintzetan parte hartzera, eta zapalduon aldarriak lau haizetara zabaltzera.

Batu eguneroko borrokara! Batu iraultzara!

Kalean ikusiko dugu elkar!

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu