Erdikaleko gaztetxearen itxieraren urtemuga, ate joka

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko Gaztetxie |
2018ko urr. 9a, 14:19

Zapatuan, urriaren 13an, 25 urte beteko dira Erdikaleko Gaztetxea itxi zutela. Urteurrenaren harira, hainbat ekintza antolatu ditu Azpeitiko Gaztetxeak urtemugaren egunerako, 'Ez zementu, ez pareta... guretzat mugarik ezta!' lelopean. Azpeitiko gaztetxe mugimenduan ibilitako belaunaldi ezberdinetako lagunak elkartu, eta garaian garaiko borrokak ezagutzeko eguna izango da urriaren 13a. Horregatik, jakin Gaztetxeko ateak zabal zabalik izango direla larunbatean.

16:30ean hasita, 'Gaztetxie urte hauetan zehar' mahai ingurua izango da. Bertan hizpide izango dira Erdikaleko Gaztetxea okupatu zutenetik gaur arteko borrokak eta bizitako esperientziak. Ondoren, belaunaldi ezberdinetako lagunak elkartuta, denak batera argazki erraldoia ateratzea da asmoa. Behin hori eginda, sabelak betetzeko eta gaua behar bezala hasteko luntxa izango da, 21:00ak aldera. Une hori aprobetxatuta, irudi zaharrekin osatutako bideoa botako dugu.

Kontzertuekin egingo du eztanda gauak. Izan ere, Gaztetxe mugimenduari estu lotutako hiru musika talde igoko dira Azpeitiko Gaztetxeko oholtza handira, 22:30etik aurrera: Jotakie, Standa eta L.S Senghor. Azken asteotan jo ta su ibili dira entseatzen. Gu haien entsegu lokalean sartu gara irudiak hartzera, zuentzat honako bideo hau egiteko.

Nahi izatekotan, zapatuan ikusiko dugu elkar!

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu