Gaztetxeak bat egiten du Elkar-ekinek apustu etxeen aurka hilaren 26rako deitu duen elkarretaratzearekin

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2018ko uzt. 19a, 12:51

Bizi(o)a jokoan. Gero eta gertuago sentitzen dugu gure herri zein auzoetan hiriak proposatzen digun bizi efimeroa. Gure harremanak unean uneko bizipenetara mugatzeaz gain, gure bizia hedonismoaren itxurakeriaz estali nahi dute, indibidualtasuna oinarri. Alegia, elkartzen eta batzen gaituena hausteko asmoz dihardutenen aurkako borroka konstante batean bizi gara, eta batzuk beren herri zein auzoetatik kanporatuak izan dira. Kapitalismoak auzo langileak zentrotik kanporatzearekin nahikoa ez eta, periferia kontrolpean izateko, bere mekanismo alienatzaile guztiak jartzen ditu martxan. Horren isla da azkenengo urteetan apustu etxeek izan duten gorakada, eta honekin batera telebistan zein eguneroko iragarkietan jasaten dugun apusturako tentazioa. Askotan dinamika guzti hau gugandik urrun sentitzen dugun arren, gaurkoan, tamalez, gure herrian irekitzear den apustu etxearen berri ematera gatoz. 

Balentina Agirre plazan, gure herrian, apustu etxe bat irekitzera doaz. Ez da kasualitate hutsa.  Apusturako joera normalizatzen ari den honetan gero eta gazteagoak dira apustu etxeetara gerturatzen direnak edo online bidez apustuak egiten dituztenak. Apustuaren printzipioa guztion aukera berdintasunean oinarritzen da, hau da, edozeinek irabaz dezake. Horrela harrapatzen gaitu, esfortzurik gabeko diru extra horren kimeran oinarrituz gure aukeretara lotzen gaitu, baina jakina da aukera horien posibilitate erreala oso baxua dela, eta beraz galtzeko aukera ia guztiak ditugula. Horregatik, langileriak jasaten duen prekarietateaz, gazteon miseriaz, eta gure heldulekurik gabeko bizietaz baliatzen dira. Ez da enpresari askoren diru iturri aipagarri soil bat, ez da soilik BPGaren ehuneko handi bat. Lehen esan moduan, apustuak eta jokoak gure miserian barneratzen dira gure auzo zein herrietako oreka eta elkartasuna hautsiz. Gure burua eta zentzua indibidualizatu nahi da, gainera apustua eta jokoa diru iturri garrantzitsu bihurtuz. Beraz, garbi izan behar dugu: apustu etxe eta iragarki hauek zehazki desjabetuon eta miserian aurkitzen garenoi zuzenduta daude, eta garbi izan behar dugu une oro zein den partida honen irabazle bakarra.

Honekin, zera esan nahi dugu: apustu etxe honek sortu dezakeen gaitz ekonomiko, psikologiko edo moralaren aurrean kontzientzia pizteko garaia da. Gure herriko inbasio kapitalistak arazo indibidualetatik haratago doa, eta arazo horiek soilik gure saretzearekin gaindituko ditugu. Horregatik, uztailaren 26an Balentina Agirre plazan (19:00etan) egingo den elkarretaratzeari gure babesa adierazten diogu. Gure bizia jokoan jartzea nahi duten horien aurka, gure bizia bizioan oinarritzea nahi duten horien aurka, eta azken instantzian, gure bizia lapurtu nahi digutenen aurka elkartuko gara. Bereziki gazteei zuzentzen gara, geure herritik hasita, geroz eta gazte gehiagok horrelako lokaletara jotzen dutela konturatu garelako. Hau horrela, gazteak apustuaren apustu zuzena direla esan beharrean gaude, eta argi utzi behar dugu hau gazteriaren aurkako errepresio mekanismo bat gehiago dela. Honenbestez, gure biziaren aldarrirako ezinbesteko dugu elkartasuna eta apustu etxe honen irekieraren aurka borrokatzea. Gazteon eta desjabetuon potentzialitate guztia ezabatu nahi dute, baina nekez harrapatuko gaituzte, borrokan izango baikara.

Gure bizitzak ez daude jokoan! Apustu etxeak gure herrietatik kanpora!