Irudimena dantzan jartzera dator Gaztetxeak antolatutako film laburren txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2018ko mar. 15a, 19:11

Nahi duen pertsona orok aurkez ditzake bideoak film laburren txapelketara. Gaia honako hau izango da: Litezkeen gauzarik ederrenak ez dira. Txapelketaren helburua da herritarrak sormenera bultzatzea eta parte-hartzaileek sortutako bideoak elkarrekin ikustea. Apirilean zehar bideogintza eta edizio tailerra eskainiko dute Gaztetxeko kideek. 

Martxan da Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako film laburren txapelketa. Herritarrek ezkutuan duten sortzaile sena piztu nahi du Gaztetxeak abiatu berri duen txapelketarekin. Hau da, norberak bere sormen gaitasuna ezagutzea eta sortutakoa azaleratzea. Herritarren irudimena dantzan jartzea da Gaztetxearen asmoa.

Txapelketarako aukeratutako gaia Joseba Sarrionandiaren Ez diren gauzak olerkiaren aurreneko esaldia da, eta horrela dio: Litezkeen gauzarik ederrenak ez dira. Parte-hartzaileek nahi duten eran jolas dezakete gaiarekin, eta beraiek erabaki beharko dute zein ikuspuntutatik heldu gaiari: umoretik, dramatismotik, aldarritik, zentzugabekeriatik, salaketatik... Txapelketara aurkezten diren film laburrek bi minututik zortzi minutura arteko iraupena izan beharko dute. Sortzera animatzen den pertsona orok har dezake parte Gaztetxeak antolatutako film laburren txapelketan.

Egindako lanak aurkezteko modua ez da ohikoa izango. Izan ere, txapelketan parte hartzera animatzen diren lagunek ez dute bideoa helbide jakin batera bidali behar. Apirilaren 26an Gaztetxean egingo den film laburren emanaldira eraman beharko dute sortutako bideoa USB memoria batean. Han izango dira ikusgai txapelketara aurkezten diren lan guztiak. Gaztetxeak urtero antolatzen duen Gazte Astearen barruan egingo da film laburren emanaldia. Ikus-entzunezkoen munduan murgilduta dauden herritarrek osatuko dute epaimahaia.

Bideogintza tailerra, sortzen laguntzeko

Gaztetxeko kideek bideogintza tailerra jarriko dute martxan apirilean, film laburren txapelketan parte hartu nahi duten pertsonei laguntzeko. Bideoak editatzeko programen oinarrizko tresnen erabilerak ikasiko dituzte bideogintza tailerrera animatzen diren lagunek. Saioen inguruko informazio zehatza aurrerago jakinaraziko du Gaztetxeak.