Urola Kostako Errepresioaren Aurkako Egunera joateko deia egin du Gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2018ko urt. 23a, 11:48

 

 

Altsasuko hiru gaztek 400 egunetik gora daramatzate Madrilen espetxeraturik 2016ko udazkenean taberna batean kalez jantzitako bi Guardia Zibilekin izandako liskar baten ondorioz. Terrorismo delituen akusaziopean aurkitzen dira 3 espetxeratuak eta Altsasuko beste 5 gazte, 50 eta 62 urte arteko espetxe zigor eskaerak dituztelarik. Euskal Herrian Guardia Zibilaren legitimazio estrategia baten baitan kokatu daiteke kasua, Ospa (Alde Hemendik!) mugimenduaren eta oro har herri mugimenduaren aurkako diskriminazio eta jardun errepresiboarekin batera. Epaiketaren zergatiak aztertzea dagokigu, Altsasuko gazteei elkartasuna eta babesa ematearekin batera.

Oreretako hiru gaztek 8 hilabete pasa berri dituzte Iruñeko espetxean kartzelaraturik, 2017ko martxoaren 11n Euskal Herrian azken urteetan herri mugimenduaren aurka jazotako errepresio kasuak salatzeko egindako manifestazio batean. Estatuaren jardun errepresiboak Iruñean bildutako manifestarien erantzuna izan zuen, arratsalde horretan izandako istiluen harira, 11 gazte (horietatik 7 adingabekoak) 6 eta 12 urte bitarteko espetxe zigor eskaeren zain aurkitzen direlarik. Barbarie kapitalistaren aurkako jarduna inoiz ez da baztertua izango, gure betebeharra delarik 11 gazteei babes aktiboa igortzea.

Horiek eta Euskal Herriko militantzia politikoaren aurkako beste hainbat jazarpen kasu salatuko ditugu ostiralean Zestoan egingo dugun errepresioaren aurkako egunean. Mobilizazioa, eztabaida politikoa eta festarako tartea izango du ostiraleko egitarauak.

Goizean, euskal gazteriaren aurkako eta konkretuki Altsasuko 8en eta Iruñeko 11 gazteen aurkako kasu errepresiboak salatuko ditugu eskualdeko hainbat ikastetxetan egingo diren kontzentrazioetan.

Arratsaldean (18:00tan), hausnarketarako gunea zabalduko dugu Zestoako Gaztetxean. Bertan mahai- ingurua egingo dugu Altsasuko Gaztetxeko eta Oreretako 4ak askatu! plataformako kideekin. Jazarpen kasu konkretu horien nondik-norakoak azaltzearekin batera, estatu espainiarraren eta bere indar armatuen lan politikoaren zantzu estrategikoak argitzen ere saiatuko gara.

Gauean, berriro Zestoako Gaztetxean, Rodeo, Verräter eta Argizulo Dub Station taldeen kontzertuak izango ditugu ikusgai. Kontzertuetan bildutako etekin ekonomikoa salatzen gabiltzan bi epaiketetako kideei laguntzera bideratuko da.

Muntai polizialak salatu eta horien zergatien inguruan gogoeta egiteko bildu gara eskualdeko hainbat gaztetxe zein gazte asanbladatako kideak. Ostiralean errepresioa salatzea helburu duen egun honetan parte-hartzera gonbidatzen zaituztegu, eta batik bat, jazarpen polizialaren aurkako salaketa orokorra egitera.