X. Euskal Presoak Euskal Harrietara boulder txapelketa izango da zapatuan Gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2018ko urt. 22a, 18:31

Hamargarren urtez, Euskal Presoak Euskal Harrietara boulder txapelketa herrikoia antolatu dute Gaztetxeak eta Sokaitz eskalada taldeak zapaturako. Modu horretan, urtarrilaren 27an kirola eta aldarria uztartuko dira beste behin Gaztetxean, egun osoan zehar.

Aurreko edizioetan egin bezala, zailtasunaren arabera hiru maila ezberdin izango dira txapelketan: herrikoiak A, herrikoiak B eta Sateliteak. Herrikoiak A mailako parte-hartzaileek 10:00etan egin beharko dute izen-ematea Gaztetxean bertan. Txapelketa, aldiz, 11:00etatik 13:00etara jokatuko dute. Herrikoiak A izango da mailarik errazena.

Herrikoiak B mailakoek 14:00etan eman beharko dute txapelketan parte hartzeko izena, eta 15:00etatik 17:00etara bitartean jokatuko dute txapelketa.

Satelite mailakoen (mailarik gogorrena), txanda 17:30etik 18:30era izango da. Horiek ere aurrez eman beharko dute izena Gaztetxean; 16:30etik aurrera, hain zuzen.

Parte-hartzaile guztiek izen-ematea 10 euro ordaindu beharko dute, eta horrekin batera X. boulder txapelketa herrikoiko kamiseta bana jasoko dute.

Gaztetxeak dei egin nahi die herritarrei txapelketara animatu daitezen, parte hartzera nahiz barra ertzean parte-hartzaileek egiten dutena ikustera!

Otsailerako bi aurrerapen

Oraindik urtarrila amaitu ez bada ere, Gaztetxeak dagoeneko bi hitzordu lotuta ditu otsailerako. Aurrerapen bezala, jakin, otsailaren 2an bertso afaria izango dela Gaztetxean, Loiolako Herri Harresian atxilotu zituzten bi lagunei -tartean Esteban Orbegozo azpeitiarrari- babesa emateko. Kantuan arituko diren bertsolariak honako hauek dira: Nerea Ibarzabal, Aitor Salegi eta Aitor Bizkarra. Aurrerago emango ditu Gaztetxeak afariaren inguruko xehetasunak.

Bestalde, otsailaren 9an, Anari eta Errime igoko dira Gaztetxeko oholtzara, zuzeneko bana eskaintzera. Data gerturatu ahala jakinaraziko dira hitzorduaren inguruko xehetasunak.