Urriaren 30ean eta 31n hainbat kontzertu izango dira Gazte Altxa! gazte mugimenduak antolatuta

Erabiltzailearen aurpegia Gazte Altxa! 2021ko urr. 18a, 11:50
Iheskide musika taldeak eskainiko du kontzertuetako bat.

Urriaren 30ean eta 31n hainbat kontzertu izango dira Frontoi Txikian, Azpeitian sortu berri den Gazte Altxa! mugimenduak antolatuta. Leherkaitz, Errietan, Iheskide eta Stepi selektah taldeak ez ezik, Andoni Oilokiegi, Burutik, Lukiek eta Laket taldeak izango dira agertokian.

Honako hau da Gazte Altxa!-k kaleratu duen irakurketa:

Mugimenduan gaude. Gazteon antolakuntza gero eta zailagoa den honetan, eremu berriak sortu eta elkarrekin egon nahi dugu, gure kezkak elkarbanatu nahi ditugu, elkar ezagutu. Tokikotasuna eta sareen eraketa ezinbesteko zaigu gaur egun; izan ere, asko kriminalizatu gaituzte azken urteotan, nahiz eta hau ez den auzi berri bat eta gazteekiko mespretxua urte luzeetan iltzatuta egon.

Gazteak alferrak garela esaten digute prekarizatzen gaituztenean. Gazteak axolagabeak garela diote beren sozializazio esparruak blindatu baina gureak mespretxatzen dituztenean. Naturarekiko eta osasunarekiko errespeturik ez daukagula diote isuri toxikoekin hau suntsitzen ari direnean. Pentsatzen ez dugula diote ahoa kontraesanez betetzen zaien bitartean. Hezkuntzarekiko interesik ez dugula diote, gure artean konpetentzia eta indibidualismoa sustatu eta herri hezkuntza ahazten zaienean. Gazteak gara, bai, festak maite ditugu eta maite dugu gure herria ere, bertako jendea, axola zaigu oraina eta etorkizuna:

  • Gazteok ez ditugu onartzen euskararen, gure hizkuntzaren, aurkako erasoak eta hizkuntza politikak. Euskaraz bizi nahi dugu bai Azpeitian, baita Euskal Herri osoan ere. Gure ikasketa guztiak euskaraz egin nahi ditugu.

  • Lurra eta natura zaintzea beharrezkoa dela uste dugu eta horretarako konpromiso kolektiboak behar direla pentsatzen dugu. Ez dugu sinesten berdea hitzaren bueltan makilatzen diren interes ekonomikoetan, eta eraldaketa integral baten beharra azpimarratu nahi dugu.

  • Feminismoen aldarriak gure egiten ditugu, eta indarkeria matxista, homofobo eta transfoboa gaitzesten ditugu. Uste dugu berdintasuna eta justizia ez direla posible zapalketa horiek bere horretan irauten duten bitartean, eta bizitzako eremu guztietan trasbertsalki landu behar dela deritzogu.
  • Justizia sozialaren beharra azpimarratzen dugu, ez dugu inor beste baten gainetik egotea nahi eta desoreka ekonomikoekin amaitu nahi dugu. Gainera, puntu honetan aipamen berezia egin nahi dugu: gazte migratzaileen kasuan desoreka horiek sakonagoak dira. Arrazismoaren eta faxismoaren aurka gaude.

  • Pow eta Gotzon ziega zikinetatik etxera ekartzea nahi ditugu, eta gure gertutasuna adierazi nahi diegu. Horrez gain, memoria kolektiboa herritik eraiki behar dela uste dugu eta gure herriaren askatasuna dugu iparrorratz.

Elkartzen hasi berriak garen gazte talde batek honako puntu horien bueltan batzeko eta gozatzeko espazio bat sortu nahi dugu urriaren 30ean eta 31n Frontoi Txikian, eta bertara animatu nahi ditugu gainerako gazteak ere. Ez geratu etxean!

Gazte altxa!