Oroimen ekitaldiak izango dira Gudari Egunaren bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Ezker Abertzalea 2022ko ira. 20a, 10:15
Iazko Gudari Eguneko ekitaldia, Nuarben. (Aitziber Arzallus)

Irailaren 27an 47 urte beteko dira Francoren erregimenak Angel Otaegi, Juan Paredes Manot Txiki eta FRAPeko Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena fusilatu zituela. Gertaera hura oroitzeko ekitaldiak izango dira urteurrenaren bueltan.

Irailaren 27an 47 urte beteko dira Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetarra, Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra eta FRAPeko Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena fusilatu zituela. Aurten ere, urteurren horren harira, hainbat oroimen ekitaldi antolatu ditugu.

Ekitaldi nagusia larunbatean, irailak 24, izango da. Berritasun bezala, aurten, Azpeitian bertan egingo da ekitaldi hori. 19:30ean izango da, Azoka Plazan, eta bertan izango dira, besteak beste, erahildako bi euskal herritarren senideak.

Horrez gain, asteburu osoan, beren bizitzen inguruan osatutako erakusketa ikusteko aukera ere izango da Azpeitiko plazan. Irailaren 27an, urteurrenaren egunean, aldiz, ohiko modura egingo da lore eskaintza Nuarbeko hilerrian, 19:00etan.

Antolatutako ekimen guztietan parte hartzeko deia egiten diegu azpeitiar guztiei.