Azken egunetako atxiloketa nahiz adierazpen askatasunaren aurkako erasoen harira

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Ezker Abertzalea 2020ko urr. 7a, 13:08
Ekhiñe Eizagirre Zarauten atxilotu zuen Guardia Zibilak astelehenean. (Zarauzko Hitza)

Azpeitiko Ezker Abertzaleak azken egunetan jazo diren hainbat gertaera gaitzetsi ditu honako ohar honen bidez.

  • Urriaren 5ean Ekhiñe Eizagirre, Kepa Arkauz eta Imanol Jaio atxilotu zituen Guardia Zibilak. Handik egun batera, urriaren 6an, Igor Uriarte eta Josu Urrutikoetxearen atxiloketaren berri izan genuen; azken hori Frantziako Polizia Judizialak atzeman zuen.
  • Atxiloketa horiek salatzeko pankartak kendu ditu Ertzaintzak Azpeitian, eta Sarek Mont de Marsan espetxera antolatu duen martxarako deia egiten duten pankartak ere kaltetu eta apurtu egindituzte. Azken hilabeteetan ez da kasu bakarra izan, Igor Gonzalez presoaren heriotza salatzeko pankartak ere kendu zituzten.

Lehenik eta behin, gure elkartasuna helarazi nahi diegu atxilotuei eta horien gertukoei. Espainiar Estatuaren indarkeriak min asko eragin du euskal herritarrongan: fisikoa, emozionala, ekonomikoa eta abar. Horrenbestez, estatuaren indarkeriak norbanakoen eta horien inguruan duen eraginaz jakitun gara. Bestetik, adierazpen askatasunaren aurkako eraso garbia da gure aldarri politikoei Ertzaintzak eman dien trataera. Presoen edo preso ohien izenak ezabatu nahi dituzte, pertsona izaera bera ukatu nahi diete finean, baina guretzat ez dira bost zenbaki izan: Ekhine, Kepa, Imanol, Igor eta Josu dira.

Atxiloketa horiek bere testuinguruan ulertzea garrantzitsua da; izan ere, Espainiar Estatuak Euskal Herriko gatazka politikoa betikotu nahi du, eta ez du aurrerapausorik emateko borondaterik. Estatuaren aldebakarreko indarkeriak auzi politikoa bere muinean mahaigaineratzea oztopatzen du gatazkaren erroak difuminatuz. Horretarako, prest ditu estatuko aparatu guztiak: legegileak, judizialak, polizialak eta militarrak.

Astelehenean Hispanitatearen Eguna da, arraza eguna ere deitua izan dena, Espainiar Estatuak Amerikako herrialdeen kolonizazioa goraipatzen duen eguna. Euskal Herrian ere, nazio zapaldu gisa, estatuaren indar koertzitiboen presentzia ez da kasualitate hutsa. Azken hilabeteetan, militarrak izan ditugu Izarraitzen, eta Gudari egunean umiliazioa jasan behar izan genuen ekimen guztiak kameraz grabatu baitzituzten, azkenengo oharrean azaldu genuen moduan.

Espainiar Estatuaren partetik gure mendekotasun egoera gogorarazteko saiakerak dira horiek guztiak. Horren aurrean garbi dugu zapalketa gainditu ezean ezin direla bakea eta demokrazia posible izan. Euskal Herriak aspaldi ekin zion askatasunaren bidea marrazteari, eta gure herriak bere erabaki propioak hartu nahi ditu, horretan gorpuzten delako demokrazia. Beraz, bide honetan militarrak eta guardia zibilak gure herrietatik kanpo nahi ditugula adierazi nahi dugu, azken atxiloketak salatzearekin batera.

Ez da kartzelak betetzeko unea, ez da inoiz izan, preso politiko guztiak etxeratzeko unea da.