Laugarrena geure egin eta libratzera

Erabiltzailearen aurpegia estitxu 2015ko mar. 26a, 17:00

Edmun Burke filosofo eta politikariak erabili zuen aurreneko aldiz Laugarren boterea terminoa. XVIII. mendea zen, eta prentsak gizartearengan eragiteko zuen ahalmena izendatzeko erabili zuen.

Mendeak pasatu dira ordutik, eta egunkarien atzetik irratia, telebista, internet eta sare sozialak etorri dira. Paperean, uhinetan, pantailan, ordenagailuan edo sakelakoan jasotzen dugunak zuzen-zuzenean du eragina gugan, errezeloak errezelo, hortik jasotzen duguna sinesten dugulako, eta hortik jasotzen dugunaren arabera pentsatzen, eraikitzen eta irudikatzen dugulako gure mundua, berta-bertakoa eta urrun-urrunekoa. Are gehiago, hortik jasotzen ez duguna existitzen ez delako, ezkutatzen digutena dagoenik ere sumatzen ez dugulako. Hain da garrantzitsua agintarientzat laugarren boterea heurenganatzea, ezinbestekoa baitugu gainerakook geure egin eta aske bihurtzea.

Historia historia denetik agintari guztiak saiatu dira komunikabideak kontrolatzen. Eta ez diktaduretan bakarrik: bai gero eta baita orain ere. Duela bi hilabete eskas Europako Batasunak egindako ikerketa batek hala erakutsi du: Frantzia, Italia, Belgika, Bulgaria, Estonia, Danimarka, Grezia eta Hungariako egoera aztertu ditu, eta herrialde horietan guztietan komunikabideak oso jende gutxiren eskuetan kontzentratuta daudela erakutsi du, eta pertsona horiek guztiek agintariekin loturaren bat eduki badutela.

Espainiak oraintxe onartu berri du Mozal legea delakoa. Hemendik aurrera, 30.000 euro arteko zigorra izango du etxe kaleratzeak galarazteak, Espainiako Kongresuaren aurrean manifestazioak egiteak edo poliziaren gehiegikeriak erakusten dituzten irudiak grabatu eta zabaltzeak; 600.000 euro artekoak, berriz, eraikin publikoetan manifestazioak egiteak edo debekatutako manifestazioak aurrera eramateak. Eta protestak zigortzearekin batera, hauei buruz informatzen dutenak ere jarri ditu begi puntuan Espainiako Gobernuak. Legean zehazki jaso dute ezingo dela agenteen irudirik zabaldu horien baimenik gabe. Horrez gain, Barne ministroak adierazi du poliziak aukera izango duela kamerak errekisatzeko.

Frantzian, berriz, Macron Legea-n isilpean eta azken orduan sartu zuen urtarrilean Gobernuak "sekretu komertzialari" buruzko emendakina. Teorian industria espioitzaren aurka egiteko zela esan zuten arren, hiru urteko kartzela zigorrak eta 375.000 euro arteko isunak ezarri nahi zituen "baimenik gabe babestutako informazioa lortu, desbideratu edo argitaratzen dutenentzat". Gainera, zigorrak zazpi urteko espetxealdira eta 750.000 euroko isunera igo zitezkeen "Estatuaren segurtasunaren aurka edo Frantziako oinarrizko interes ekonomikoen aurka atentatua" eginez gero. Azken unean atzera bota zuten emendakina, kazetarien presioaren ondorioz, baina ahalegin gehiago etorriko dira, inondik ere.

Eta gurean badugu eskarmenturik. Gogoratu, Euskal Herrian Egin egunkaria, Egin irratia, Egunkaria kazeta, Ardi Beltza aldizkaria, eta Apurtu.org eta Ateak Ireki.com webguneak itxi egin dituzte agintariek; Egin-eko zuzendari ohi Xabier Salutregi kartzelan da oraindik, eta Iraitz Salegi Topatu.info-ko kazetaria inputatu egin du Audientzia Nazionalak eta kartzela zigorra ezarri nahi dio ekitaldi baten berri emateagatik.

Hain da garrantzitsua agintarientzat laugarren boterea heurenganatzea, ezinbestekoa dugula gainerakook geure egin eta libratzea.

Urola Kostako Hitza-n argitaratutako iritzi artikulua.