Istorioak Historia

Erabiltzailearen aurpegia estitxu 2014ko mai. 15a, 11:50

Espainian egindako kale inkesta bat ikusi berri dut telebistan; bertan 36ko gerraren inguruko galderak egiten zizkieten herritarrei, eta galdetutakoen %70ek ez zekiten, besteak beste, Federico Garcia Lorca idazlea fusilatu egin zutela frankistek. Kazetariaren arabera, inkestaren emaitzak argi erakusten du Espainiako ikastetxeetan garai hartako kontakizuna ez dutela behar bezala jorratzen, eta zenbaitetan, gertaeren alde bakarra kontatzen dutela.

Egun berean, honako hitzak irakurri ditut egunkarian: "Itzal handi bat dago gertaera horien inguruan, orduko pertsonaia batzuen erabateko onarpen sozialarekin estali baitzen jende xeheak pairatutako sufrimendua, errepresioa eta egin zuten borroka". Iñigo Aranbarri idazlearen hitzak dira, eta ez da Espainiaz ari. Gureaz ari da, gure-gureaz: 1766ko matxidanaz. Eta neure buruari azterketa egitea erabaki dut: Zer dakizu, zuk, matxinadari buruz? Kostatu zait erantzutea: Azpeitia-Azkoitian hasi zela eta gariaren prezioaren igoerarekin zerikusia izan zuela. Kito, ezin izan diot gehiago erantzun neure buruari. Ikastolan ume garaian ikasitako apurraren arrasto difuminatuak. Lotsatuta, informazio gehiagoren bila hasi naiz eta jakin dut nola orduko jauntxoek artoaren eta gariaren prezioa garestitzea erabaki zuten, eta herritarrek lehengo salneurrian mantendu zitzatela eskatu zuten. Gosetea ate joka ikusten zutenez, altxatu egin ziren herritarrak, eta matxinada egin zuten.

Aranbarriren elkarrizketa irakurtzen segitu dut, eta are gutxiago dakidala konturatu naiz. Irakatsi izan didate bazirela Azkoitiko Zalduntxoak, Xabier Munibe (Peñafloridako kondea), Joakin Egia (Narrosko markesa) eta konpainia, eta modernitatearen eredu eta bultzatzaile izan zirela garai hartan. Baina pertsonaia horiek beraiek matxinadan altxatu ziren herritarren kontra gogor egin zutela eta haientzat heriotza zigorra eskatu zutela ez dut inoiz ikasi. Matxinatu ziren azpeitiar eta azkoitiar haiek bizitako istorioak ahoz aho kontatuko ziren agian, baina Historiak ez ditu jaso. Izan ere, Historia, H-z eta handiz, irabazleek, aberatsek eta zapaltzaileek idatzi izan dutela esan ohi dute batzuk.

Deja vu-a sentitu dut egunkariaren orria pasatu dudanean: langileak borrokan, osasun zerbitzu publikoa arriskuan, herritar asko oinarrizko errentarik gabe jantoki publikoetan bazkaltzen… Eta bitartean, jauntxoak enpresak ixten, kutxak pribatizatzen, jarduera politikoa defendatzen dutenak epaitzen eta espetxeratzen. Eta galdera etorri zait: eguneroko istorio horiek Historia bihurtuko al dira egunen batean? Ez nuke nahi iraganeko hutsuneetan sakontzen joaterik. Ez nuke nahi etorkizuneko Historian herriaren istorioen faltarik, xumeenen kontakizunen gabeziarik.
Azken orrira iritsi naiz. Bailarako udal batek herri istorioak biltzeko beka bat martxan jarri duela irakurri dut. Beste batek, memoria historikoa berreskuratzeko akordioa sinatu duela. Eta beste batek horren inguruko liburu bat publikatu duela. Ordenagailu aurrean jarri eta egunotako istorioak idazten hasi naiz. Historia handia idazteko nahikeriarik gabe, nire txikitasunetik, baina badaezpada, H handia merezi dutelakoan.

Estitxu Elduaienek Urola Kostako Hitza-rako idatzitako iritzi artikulua da hurrengoa.