Ilusio bila nabil, begi tristeentzako

Erabiltzailearen aurpegia da hau Estitxu Elduaien | Iritzia
2013ko aza. 21a, 11:00

Autobusaren zain nengoela, ume bat ikusi dut. Jostailuz betetako katalogo horietakok bati begira zegoen, adi-adi, eta inbidia eman dit haren begietako distirak. Ilusio horixe nahi nuke azkenaldian ikusten ditudan begi tristeentzako, desioak betetzen direla sinesteko ahalmenak ematen duen brillo hori.
 
Baina ez dakit non eskatu. Ez dakit nondik lortu. "Aurten Olentzerok ezin du gauza handirik ekarri, hura ere langabezian egon da eta", esan dio umeari bere aitak, eta hari ere ikusi dizkiot begi tristeak. Gero eta gehiago baitira bailaran begiak tristatzen ari zaizkien pertsonak. Azkue y Compañia itxi zuten, Corrugados Azpeitia ere bai, Grumal hartzekodunen konkurtsora sartu dute, Corrugados Lasaokoak noraezean eta TS Fundicionesen ere kaleratzeak edo itxiera, hori eman du enpresak aukeratzeko. Eta aipatu ez ditudan beste mordoa. Lausoa nagusitzen ari da erretinan, iluna, eta beltza. Ehunka langile kalera, protestak, itxialdiak… guztiak ikusi ditugu komunikabideetan, eta elkartasuna adierazte aldera, parte ere hartu dugu mobilizazioetan. Baina gertuan tokatu arte, eta ikutu arte, ez gara jabetu dramaz. Baina azkenean jo du atea, eta konturatu gara, langile horiek zenbakiak ez ezik, familiak direla, pertsonak, eta egoera benetan dela larria. Neuri kontatu dit ama batek, negarrez, bere alaba oraintxe dela unibertsitatean matrikulatzekoa, baina senarra lanik gabe geldituta ezingo dutela ordaindu eta ez dakiela zer egin. Entzun diot urteetan enpresa horretan lanean aritu den 40 urteko bati, azken urteetan ezarri dioten erregulazioaren ondorioz 17 eguneko langabezia saria bakarrik izango duela, eta etxea du ordaintzeko eta bi urteko alaba. Bi kasu dira, baina ehunka daude, nik ezagutzen ez ditudanak.
 
Pertsonak baitira enpresak osatzen dituztenak, pertsonak dira langileak eta baita enpresaburuak ere. Hala sinestu nahi dut. Baina zer diren gauzak, honakoa esan die, hitzez hitz, aipatu bi pertsona horiei eta kaleratu nahi dituen gainerakoei euren tailerreko enpresaburu batek: "Pajak eskuarekin edo ahoarekin? Urteetan aberatsen pare bizi izan zarete eta orain hortxe geratuko zarete. Nik jada badut bulego berri bat, itsasoari begira". Ez dira asmatutako hitzak, benetan esan zituen. Lekukoak daude. Eta Eduardo Galeanok Los hijos de los dias bere liburuan jasotakoa etorri zait burura: "1937ko maiatzaren 23 John D. Rockefeller hil zen, munduaren jabea, petroleoaren erregea. Ia mende osoz bizi izan zen. Autopsian ez zioten inongo eskrupulorik aurkitu".
 
Begietarako distira eta ilusio bila nabil. Eta ez dakit non eskatu. Agertzen zaizkik printzak enpresa batzuk ondo dabiltzala entzuten dudanean, udalak lanpostuak sortzen ari direla ikusten dudanean, baina printzatik harago pasatzea kostatu egiten zait. Baina baikorra izan nahi dut eta baikorra naiz: hau ere pasatuko da, bai, aterako gara hemendik ere, eta sendotuta, seguru. Autolaguntzarako esaldiak dira, begi tristeekin konpartitu nahi ditudanak. Rafael Barrettek esan zuen bezala, "ongia existitzen ez bada, asmatu egin behar baita".
 
P.D.: Olentzero, gutun hau zuretzat da. Eskatutakoaren zain gelditzen naiz, begi distiratsuz eta ilusioz. Espero dut zu ere langabeziatik ateratzeko balioko duela. Txintxoa izan naiz.
Bidali:  

Erantzunak

kolin | 2013-11-22 : 17:48

Bikaina artikulua Estitxu.

Nik ere olentzero langabeziatik ateratzea nahi dut. Ni ere txintxoa izan naiz.

Lurdes Arrizabalaga | 2013-12-03 : 20:18

Hitzik gabe geratu naiz...zoragarria eta zoritxarrez egi gordina

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu