Krisia

Erabiltzailearen aurpegia da hau Estitxu Elduaien |
2008ko uzt. 9a, 12:07

Ditxosozko krisia. Ekonomia gaizki ibili arren agintariek ez dutela hitz hori erabiltzen, zergatik ez duten erabili nahi… oraintxe ez da beste konturik. Ez da giro krisiaren inguruan. Krisia bera zer den jakitea argitu beharko litzateke aurrena: ekonomiak hazteari uztea? Lehen baino gutxiago uztea? Makaltzea?… Teorizatzeko gai sakonegia, ordea, txoko honetarako.

Baina krisi hitzaren atzean beti misterio ugari egon dela argi dago.  Historikoa da hitz horrekiko ulertu ezina nonbait. Bestela lagun batek kontatutako irakurri. Azpeitiko lantegi batean kontatu ei zion, azpeitiar batek. Pertsonaien izenak ez ditut oroitzen, eta bertsio hau zehazki horrela den ere ezin esan, baina gutxi gorabeherakoa behintzat kontatuko dut.

Orain dela hamarkada batzuko gertatu omen zen, Azpeitian. Orduan ere ekonomia makalaldian nonbait, eta krisi hitza hitzetik hortzera omen zerabilten azpeitiarrek. Egin dituzte bilerak hainbat lantegitan, eta enpresaburuek krisia datorrela esan diete langileei. Landetako taberna batean txikitoak hartzen ari direla elkarri komentatu diote Martxileneko langile talde batek: "Eztek giro. Krisiye omen zetorrek eta gure nagusiye etziok bate lasai".

Tartean zen Martxileneko atezaina. Serenoa. Kezkatuta eta kopetilun joan zen egun horretan lanera. Han dago atea zaintzen eta sartu da taillerreko nagusietako bat. "Zemouz?" galdetu dio serenoak. "Garai hobeak ezagutu ditut, baina beno". Lagundu egin behar duela pentsatu du orduan atezainak eta zerbait esatea erabaki: "Badakit krisi dalako hori etorri ta tallerrien kriston aberiye iñgounan bildur zeatela. Baño lasai, nik eztakit zeiñ dan krisi hori, eztet ezautzen, baño ni hemen naon bitartien ezta ate hontatik sartuko, heldu iñ behar baiyot heldu iñgoyot baño tipo hori ezta hemen sartuko!".

Krisi hitzak zenbaterako ematen duen...

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu