Bestelako "azindentie"

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko mai. 5a, 16:05

Gaur ezin izan dut Zestoatik Azpeitira joan. Ez didate utzi. Abiatu bezain pronto Ertzainak topatu ditut bide gurutzean, eta ezin dela pasatu. Zer gertatu den galdetu eta erantzunik ez dut jaso. "Azidenten bat eongoen..." pentsatu dut neure artean, eta Arroa aldera hartu dut, autopistan sartu eta lanera etortzeko.

Telefonotik deitu diot bati, orduan, abixatzeko. Ez etortzeko Zestoa aldera, krixton karabana dagoelako. "Azidenten bat". Eta orduan berak: "ze azidente? Hor goyen okupautako etxie desalojatzen ai omen die ta!".

Lotsa eta haserrea sentitu ditut bat batean. Lotsa, han zer gertatzen den ez nekielako (kazetarioi sarritan gertatzen zaigu, dena jakin nahi hori...) eta haserrea, etxe hori desalojatzeari zentzu handirik ez diodalako hartzen. Segurtasun kontuak aipatu dituzte. Ez dakit zenbaterainoko arrazoia izango den, baina bertan dauden gazteek arriskurik ez dagoela esaten dute.

Ez zaizkit desalojoak gustatzen. Eta are gutxiago, gaur goizean montatu duten kaosa montatuta. Batzuri etxe hori hustu egin behar dela buruan sartu zaie, eta hori betetzeko dena da zilegi, den dena, baita errepidea moztea ere. Baita batetik bestera joan behar duten herritar, langile eta dena delakoak ez aurrera ez atzera uztea ere.

Eta gero trafikokoak kejatu egingo dira. Euskadi Irratian Donostia aldean izandako azidentea gora eta behera ibili dira. Hango auto ilarak behin eta berriz aipatu dituzte. Baita Sakanan izandako ez beharrak eragindakoak ere. Baina Azpeiti eta Zestoaren artekoak aitatu ere ez. Nola ba, "azidente" horren eragileak zein izan diren jakinda normala ez aipatu nahi izana.