Bolarak

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko mar. 10a, 20:03

Murphiren legea deitzen diote batzuk. Zorte txarra besteek. Gafea izatea ere esaten zaio. Zerbait gaizki atera eta horren ondotik gauza piloa okertzeaz ari naiz. Niri gertatzen zait. Bukatzear dagoen aste honetan bai behintzat. Nik, bolara txarra deitu nahi diot. Bolarak etorri bezala joaten direlako. Eta hau joateko desiatzen nagoelako.

 

Iragan larunbatean hasi zen dena. Goizean korrika bueltatxo bat egitea okurritu zitzaidan. Abiatu naiz, eta bi kilometro egiterako, berriro ere “banitxin, banitxin…” eta danba, lurrera. Ez aldapa eta ez harri, baina ni lurrera. Eta gerrian sekulako grakaie. Bueltako bi kilometroak ere korrika egin nituen. Baina gero arnasa hartzeko ere miñez.

Egun horretan bertan gure amama Maria ospitalera eraman zuten.

 

Igandean ohetik altxatzeko ere gai ez. Aparteko gerriko mina. Amama bixitatzera joan, eta bitartean urgentzietara ere egin nuen bixita. Plakak. Kontraktura handi bat dudala. Bitartean, gure amama bizitzeko azken ahaleginak egiten. Muxu eman nion alde egiterakoan. Agur amama.

 

Gauerdi aldera telefonoak jo zuen gure etxean. Joan dela amama Maria. Betirako. Tristura, pena. Gure amama Maria. Urangako Maria.

 

Euria txingorra eta hotza ziren kalean, eta halaxe egin du ondorengo egunetan ere. Nahikoa izan da nik aparteko burutik berakoa harrapatzeko. Doministikuak eta mukiak etengabe, gerriko kontratura zasta eta zasta, eta amama Maria falta.

 

Zauden tokian ondo egongo zara, amama. Eta seguru zuk ere parre ederrak egin dituzula nire erorketa xelebre, gerriko grakae, zastai eta dena delakoekin. Hemengoek ia bertsoak atera dizkidate. Badakizu, beti izan naiz baldarra. Tio eta tia denek gogora arazi didate egunotan umetan ere nolakoak hartzen nituen Urangako atarian.  Han egoten zinen zu. Gu ezin gobernatuta. Ez duzu meritu makala izan.

 

Ah, eta eskiatzera goaz, asteburuan, lengusuak. Beldurrez ditut inguruko danak, miñ hartuko detela eta ez detela. Ni eoskorrean joan egingo naiz, amama. Badakizu, Uranga naiz ni ere. Baina eoskorrean baldarra ere banaizela jakinda, zauden tokitik heldu iezaidazu besotik, lurrera ez erortzeko, edo erortzen naizenean kolpea exkaxa izateko.

 Ez duzu meritu makala izan. Eta orain ere, ez duzu lan makala hemen geratu garen guztiak zaindu behar bagaituzu. Gure Amagoiak periodikuen idatzi zizun bezela, Agur eta maitasun, Maitxo. Ohorea? Aspaldi galdu genuen, eta geuk hala nahita.