Reala, kazetariak, eta presioa

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko ots. 2a, 13:02

Amorrorturi agur. Arkonadari ongi etorri. Azkenean hori izan da erabakia. Eta jokalari berriak ekarri. Kito.

Eta normala den legez, gipuzkoar denak hortxe, Reala gora eta Reala behera. Denok dakigu futbolaz, eta denok eman behar iritzia. Nik azpeitiarren faltari botatzen diot errua (kar, kar… beti etxeako). Amorrorturen kontrakoak ere entzun ditut. Eta kazetarion kontrakoak ere bai, “Zuek, kazetayek, nazkie ematezue. Kazetai batzuatik bota diñabe hori, presiyue iñ debelako”.

Parregurea eragiten dit hori entzuteak. Eta benetakoa. Izan ere, neu ere garai batean ibilia naiz Zubietan bueltaka Realaren entrenamenduak kubritzen. Eta nire modukoek behintzat, presioa norberak leporaino!

Hemezortzi urte nituen aurrenekoz Zubietara joan nintzenean. Pentsa noizko kontuez ari naizen: orduan azpeitiar bakarra zegoen Realean, Aranburu, eta kotxek karnetik ere ez zuen. Taxian joaten zen entrenamenduetara. Eta ni, bekaduna. Eta entrenamendua kubritzera bidali. Non zegoen ere ez nekien. Lankideek egindako mapa eta guzti abiatu nintzen Andoaindik. Eta galdu. Oraindik ere ez dakit nola egin nuen. Kontua da baratzez betetako toki batean agertu nintzela. Eta entrenamendua hastear. Ni nerbioak jota nengoen: “ez naun allauko, ez naun allauko…” Eta derrepente gizonezko bat pasieran. Kotxea geratu eta berarengana joan nintzen: “Zubietara joateko?” Hasi zen azalpenak ematen, baina nik entzun ere ez. “Barkatu, lagunduko?” esan nion. Begiak zabal-zabalik geratu zen jubilatua. “Mesedez, bestela ez dut eta aurkituko”. Eta hantxe sartu zen kotxean, eta Zubietaraino eraman ninduen. Entrenamendua ikusten hura ere, nire ondoan.

Beste behin, entrenamendua ikusten ari nintzela grabadorako pilak kotxean ahaztu eta kotxera joan nintzen, koadernoa eta bertan utzita. Ume mordo bat egoten zen han. Bueltatu nintzen eta nire koadernoa falta. Kauen la letxe. Ta ni ume denei begira baino denak koadernoa ezkutatuta. Kraussen prentsaurrekoa hastear zen. Kazetarioi prentsa gelara sartzeko esan ziguten. Eta nik koadernorik ez. Kotxera joan, goantera iriki eta seguruko papelak bakarrik. Ba haietxek hartu behar izan nituen. Akordatzen naiz: Kraussen hitzak polizaren atzekaldean apuntatu nituen. Lagun Aro-ren letra handien atzean. Norbait fijatu bazen parre ederrak egingo zituen hasi berriaren kontura.

Eta gero Iker Sarriegirekin gertatutakoa. Oraindik Realean zen hura. Kontua da entrenamendua bukatu ostean elkarrizketatxo bat egin behar niola Sarriegiri. Ume mordo bat berriro ere bueltan. Eta asko, neu baino handiagoak. Haiei autografoa firmatu arte itxaron eta hor joan nintzen grabadorarekin: “Galdera batzuk erantzuterik bai?”. Eta oso modu xelebrean begiratu zidan. “Egunkariatik”, nik orduan. “Ahhh, joe, ume hauetako bat zinela uste nuen”. Bera ez da akordatuko baina niri sekulako disgustoa eman zidan: ilea luze uztea erabaki nuen eta neska itxura gehiagorekin janztea.

Zenbat halako... Zubieta aldean ez ote da nire moduko asko ibiliko. Bestela a ze INpresioa!