EZberdintasuna II

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko urt. 26a, 20:01

Espero ez nuen deia izan nuen atzo. Ina Sagarzazu, Azpeitiko Kirol Patronatuko arduraduna. Nire blogeko testua irakurri zuela HITZAn, eta gauzak argitu egin nahi zituela. Ez dela egia. Polikiroldegiko txartel familiarra egiterakoan ez diotela langabezian gizonezkoa dagoenean soilik egiten deskontua. Bestelakoa omen da araua: “langabezia deskontua familia batean diru iturririk ez dagoenean soilik egiten dugu. Bikoteko bietakoren batek lana egiten badu, ez dugu deskonturik egiten. Horregatik esango zioten ezezkoa zure ezagun horri”. Batzuetan deskuidatu egiten direla ere esan zidan, “deskontua eskatzera etortzen dena ez badugu ezagutzen, eta hark gizona langabezian dagoela esaten badu, ba aplikatu egiten diogu deskontua”.:

Beno, bale. Hala baldin bada, hala da. Araua Sagarzazuk esan bezala bada. Lasaiago gelditzen naiz, ez baita diskriminatzailea. Halaxe esan nion. Eta hori nire blogean argituko nuela ere bai. :

Baina harrituta gelditu nintzen, oso oso bestela kontatu baitzidan kontua kexu zen nere ezagun horrek. Eta deitu egin nion. Sagarzazuk esandakoa azalduz. Eta hura bai gelditu zela aho zabalik. “Ba neri oso bestela esan tzitenabenan. Ta ez behin bakarrik. Bi aldiz jun naun galdetzea. Aurrena pertsona batekin hitzeiñ diñat, eta haren esan tzitenan ezin dala. Orduen, handik egun batzuta beste batekin eiten sayau nitxunan, baño harek e esplikaziyo bea, atte paruen daonien bakarrik itebela deskuentue. Pentsau, beak e esan tzitenan oso arau matxistie dala ta komentatzen eon gitxunan…”:

Ba hori. Araua Sagarzazuk esanda bezalakoa izan arren, langileek nonbait ez dutela ondo ezagutzen. Edo Kirol Patronatoak ez dietela ondo azaldu. Bakoitzak atera ditzala nahi dituen ondorioak. Nik kiroldegi eta igerilekuko langileek euren lana oso ondo egiten dutela uste dut. Eta beno, nire lagun horrek zer pentsatzen duen ez dut idatziko, bestela laster jasoko dut beste telefono deiren bat. Argi esan zidan Sagarzazuk: "hemendik aurrera, zalantzaren bat duenak neri deitu diezadala". Badakizue. Ea konbentzitzen zaituzten.