Kantinero eta danborrerak

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2006ko urt. 13a, 13:01

Azpeitiko neskak, adi. Egunotan kalean ibiltzen bazarete, aukera handiak dituzue gizonezko koadrila bat gerturatu (bakarka ere ibiltzen dira batzuk) eta proposamen bat egiteko. Ez beldurtu. Ez aztoratu. Garai honetan ohikoa da, urterokoa: “Kantiñera ertetzie nahi?” Santo Tomasak geroztik dabiltza horrela. Eta espero dut asteburu honetan ibiltzen direnak bakanak izatea. Bestela malo. Ate joka baitira San Sebastianak.

Proposamen lizuna ez da. Ez egokia ere ez, niretzat. Baina aurten zer pentsatua eman didala ezin ukatu. Donostiako elkarte batzuk emakumeei danborradan parte hartzen utzi dietenaren albisteak zer pentsatua eman dit. Konparazioak gorrotagarriak dira, bai, baina nahi gabe ere Azpeitiko egoerari begira jarri nau ni. Emakumeek eta gizonezkoek eskubide berdinak al dituzte Azpeitiko danborradan? Galdetu diot behin eta berriz neure buruari. “Bueno, bai. Nik dakidala, nire inguruan danborra jotzen atera nahi izan duen orok izan du egiteko aukera”. Pentsatu dut aurrena. Baina elkarte batzuetan emakume danborrerarik ez dudala ikusten ere konturatu naiz, kantinerak soilik izaten direla neskak. Ez dakit zergatik den, aitortu beharra daukat ez ditudala Azpeitiko elkarteen arauak ezagutzen, baina beno, kuriosoa iruditu zait. Ah, eta kantinerorik ere ez dut ikusi inoiz. Abanderadoak bai, hori bai.

Eta hala ere Azpeitiko danborrada ez dut inoiz diskriminatzaile sentitu. Ez dut horren inguruko liskarrik ezagutu. Baina egia da parte ere ez dudala ia inoiz hartu danborradan. Eta garai batean eztabaidak egongo zirela pentsatzen dut. Edo agian ez.

Burutazio horiekin nenbilela, nire lankideak horren inguruko erreportai bat egiten ari direla jakin dut (Igandeko BERRIAn aterako da, IGANDEA gehigarrian. Publizidadea egiteko aprobetxatu dut, bai, badakit). Herri askotako kontuak aipatzen dituzte, eta azpeitiarrekin ere hitz egin dutela esan didate. Zerbait aurreratze aldera, Amnistiaren taldea sortu zenean kontu honi buelta asko eman zizkiotela dio, baina eztabaidarik ez zela egon ere bai. Gehiago ere esaten du, noski, baina ezin dut kontatu!

Kantinerak “mujer objeto” moduan ikusten ditu askok. Eta hotz-hotzean pentsatzen jarrita, hala da. Baina ez dakit. Ni neu ere atera nintzen orain dela urte mordoa, eta ez nintzen “mujer objeto” sentitu. Alderantziz, oso-oso ondo pasatu nuen.

Ba hori, gauzak ez ditudala bat ere argi kontu honen inguruan. Eta halere, ze gustoa ikusikotan danborradie ostegunien… Eta bitartien zenbatetan pikauko dituten lagun donostiarrak “Sebastian bat bada zeruan… AZPEITI bat bakarra munduan….” kantauiez