Behobiakeriak

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2005ko aza. 9a, 16:11

“Medaillie re bai?”, esan diot Aradikoari poltsara sartzen ikusi dudanean. “Bai, horire ya eman eiteñabe”, erantzun dit. Preparatzeko sakrifizioa saritzeko izango da, pentsatu dut neure artean. Nik behintzat, majo sufritu dut.

Behobia-Donostia lasterketako dorsalaren bila joan naiz gaur goizean. “Hori nobedadie” pentsatuko du baten batek. Azpeitin 300 lagun inguru joango omen gara (Txetxuren blogak hala dio). Ba niretzat bai, nobedadie, eta une historikoa gainera. Urte hasieran bela pentsatuko nuke hori inoiz egingo nukeenik. Eta orain dela bi hilabete ere ez.

Baina duela hilabete inguruko pare batek animatu ninduten eta, ni, aho bero halakoa, apuntatu. “Krixtona den hure, festie bezela” esan zidaten orduan. Festie bezelakue izango da agian karrera, baina dioss, entrenatze prozesua resaka handiena baino gogorragoa da.

Izan ere, nire modukoek, korrika ito beharrean ibiltzeaz gain, beste askok izan ez dituzten hiru kontrako faktore izan ditugu: Sekula korrika ibili gabeak izatea; lasterketa honetan nobatuek izatea; eta gainera, Azpeitian entrenatu beharra!

Sekula korrika ibili gabeak bai. Apirilera arte inoiz bi kilometro ere korrika egin gabekoa naizelako. Nik, ikastolan, ikasle txarrenak ere nota ona ateratzen zuen asignaturan, gimnasian alegia, NAHIKO JUXTU ateratzen nuen. Nota hori ez zen existitzen, baina nire maixuei lotsa edo ematen zioten gai hori suspenditzea eta asmatu zuten. Gero, bai, esklabatara joan nintzenean, orduan, suspenso. Loiolako buelta famatu hori egiteko gai ez, eta Astik errekuperatzera bidali ninduen… Eta duela hiru bat urte ere, elkartasun krosean batere prestatu gabe atera eta zea, bukatzeko gai ez izan eta tranpa egin behar izan nuen.

Kontzientzia lasaitu aldera aurten behintzat bukatu egin behar nuela eta apirilean hasi  nintzen berriro korrika. Eta bukatu nuen elkartasun krossa. Orduan hasitakoa da nere korrikalari kurrikuluma.

Eta Behobia-Donostia lasterketan ere nobatue naiz, bai. Ni eta beste lagun bat, biok ibili gara entrenatzen,  eta biok gara nobatoak. Eta buenooo, horrelakoetan inguruko denak bihurtzen dira maixu. “Hola estirau ber den”, batek. “Ez ez, hola ez…” besteak . “Hainbeste kilometro eiñ ber ditun” hurrengoak. “Hori geyegi den…” besteak. “Kafie ona den” ondokoak, eta “Kafie nola laike hartu?” besteak.  Eta gu, han, denak entzun, apuntatu, eta gero zea,  ezin asmatu nori kaso egin…marea-marea eginda.

Bueno, eta gero bakoitzaren esperientziak entzun behar hori. Batzuk dena polita ikusten dute: “nik aurreneko aldiz eiñ niñanie, disfrutau iñ niñan. Lasai lasai, jendie ikusi…”. Noski. 20 kilometro eta disfrutatzen. Hori ez da nire buruan sartzen. Hori bai, beste batzuk esandakoarekin ez zara askoz hobeto geratzen : “akordatze naun behiñ, zeozerrek gaixki eiñ da botaka jardun niñan. Ude eran da bota ta… hori den gaixki pasatzie”. Earki, purgatoyoa jutie bezela ordun.

Eta hori gutxi balitz, non eta Azpeitian entrenatu behar. Ni bezelako erdipurdiko korrikalarientzat sikologikoki kolpe latza. Bazoaz, zu, zeure ustez, dezente ondo: “gaur azkar gabiltxen e, gaur ondo…”. Eta hori esatearekin batera hor pasatu zaizkizu ondotik lau bat hanka luze, ziztu bizian, eta sekulako estiloarekin.  

Ba hoixe, igandea iristeko desiatzen nagola, karrera bedeinkatu hori hasteko. Hasi, bai, bukatuko ote dudan ez baitakit. Neure burua ezinean ikusten baitut behin eta berriz, eta barruan ditudan nerbioek ez baitidate besterik erakusten. Baleriana hartzen ere hasi naiz, baina horrek ere efektu gutxi. Eta gainera euria egingo omen du, eta nik xirarik ez!!! Uffa, uste dut gaur bertan jantziko dudala dorsalarekin batera emandako medaila. Neure burua konbentzitzeko.