Piura horrekin

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2005ko aza. 5a, 16:11

Hasi da NBA. Eta berarekin batera, ikuskizuna. Eta ez naiz saskiratze eta mateez ari. Ez, ez. Horiek ere ikusgarriak dira, baina oraingoan beste kontu batetaz ari naiz. Aurtengo denboraldian arau berri bat onartu dute: hip-hop eta rap estiloko arropak debekatuta daude, eta “bussines casual” (trajeak, alkandorak…) moduan jantzi beharko dute, derrigor, jokalariek. Partidetako bidaietan, bezperetan, prentsa aretoetan, eta ekitaldi ofizialetan. Piurak alde batera utzi eta "itxura ona" indartzeko balioko omen du arauak. Hala esan dute NBAn agintzen dutenek.

Eta jokalari horien larruan jarri naiz une batean. Ufffa… dezente haserretuko nintzateke nire lantokian zer jantzi eta zer ez jantzi esango balidate. Dezente ez, asko. Ez baitzait gustatzen inork nola jantzi edo zer itxura izan beharko nukeen esatea. Nire erabakia da, eta neu gustura banago, kitto. Ez didate inoiz esan, egia da. Baina askoren ustez ni “behar den moduan” janzten naizelako da hori. “Jende normalak baino garrantzi gehiago” ematen omen diodalako itxurari. “Pija xamarra” omen naizelako.  Hori azpeitiarren kontua omen da, “beti elegante eta dotore ibili beharra”.

Bai, badugu azpeitiarrok hemendik kanpo fama hori. Eta ez dakit ba, gehitxo iruditzen zait hori. Topiko tipikoegia. Toki guztietan bezala,  Azpeitian ere badira “bussines casual”-ak, badira mendizale estilokoak, punta-puntako marka erabiltzen dituztenak, eta baita  merkeak erabiltzen dituztenak ere. Eta hala behar du gainera. Pertsona bakoitzak erabakitzen dugu zer jantzi, zergatik, eta noiz. Eta kontrakoa dionari ez diot sinesten. Guztiok ematen diogu garrantzia geure itxurari, bai soineko bat jantzi, bai traje bat jantzi, bai txandar bat jantzi, bai praka zahar batzuk jantzi. Erabaki egiten dugu, geuk nahi dugulako eta gure itxurari erreparatzen diogulako.

Baina badakit Azpeitian ere badirela langileei “txukunago” janzteko esaten dioten lantegiak. Azpeitian eta mundu osoan. NBAn bezala. Itxura “txukun” hori ordea, zer da? “Bussines casual” delakoa? Trajeak, soinekoak, gonak…? Zergatik? Nork erabakitzen du hori? Niri gustatzen zaizkit. Baina nire ondokoari igual ez. Gustu kontua da. Ez txukuntasun kontua.

Ez naiz harritzen NBAko jokalari batzuk haserretzea. Ufffaaa… ez nuke imaginatu ere egin nahi, derrepentean,  hip-hop eta rap estilora janztera derrigortuko banindute. Bixerie, katiek, praka zabalak … Buenoooo, nik huelga.