'Pasion de ollagorras'

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2005ko urr. 28a, 22:10

Espainiako telebista batean hain ezagun egin den telenobela izan daiteke.  Pasion de Ollagorras. Olaizola anai pilotariak protagonista direla. Halako txistea egin zuten duela gutxi Wazemank programan, eta niri grazia egin zidan.

 

Baina ondo pentsatuta, izenburu horri bueltak ematen hasiz gero, ez dit hainbeste graziarik egiten. Izan ere, ezin dut ulertu ollagorrek, usoek eta basurdeek eragiten duten pasio hori. Izango du zerbait, inondik ere. Bestela ez litzateke hainbeste azpeitiar ehiztari egongo. Baina, nik, ezin dut ulertu.

 

Hasteko, ilunpean ibiltzen da asko. Eguzkia bera irten baino lehenago. Eta horrek ze pasio izango ote du? Ez dakit, eh, baina imajinatzen hasiko naiz. Bota behar duzuna ikusi ere ez duzu egiten. Beno bai, hegaztiren bat bada bai, ilargiaren argiarekin, eta zerura begira. Baina nire moduko bista baduzu behintzat,  horrela ere gutxi. Eta basurdea bada, aurrean jarri arte ez, seguruenez. Eta bitartean, orduak ilunpean, ezer ikusi gabe. Jo batera eta jo bestera. Ni behintzat majo aspertuko nintzateke!

 

Eta noski, une horretan beste pertsonaren bat parean bada ere, zail izango da bereiztea. Zerbait mugitzen dala, eta dale? Hori baino kontu gehiagorekin ibiliko direla sinesten dut, baina mendizaleren bat bada? Eta baserritarren bat? Asko ez dira ibiliko ilunpean, baina bakarren bat tokatu liteke.

 

Ekologia kontuekin ere sartu ninteke. Animaliak hola eta hola hiltzeak zentzurik ba al duen ala ez eztabaidan.  Nire ustez, ez du zentzurik. Baina gero animalia haragia jateak ez dit inolako kontzientzia kargurik eragiten. Hipokrita bat naiz. Hori bai, kartutxoekin mendia zikintzeak bai ematen didala amorrua! Mendi buelta bat egitera joan eta zenbati tokitan perretxiku eta gaztainak baino gehiago ageri dira kartutxoak. Eta hori oso oso txukuna ez da.

 

Aste buruan baserrira joango naiz lotara. Mendiaren erdi-erdira. Bake bila. Hori bai, tapoiekin sartu beharko dut ohera, bestela tiro hotsek mantsoagatik esnatuko naute. Eta gero tabernara joan eta ehiztari mordoarekin egingo dut topo, eta agian norbaitek harrapatutakoa jan ere bai.

 

Ba hori, hipokrita bat naizela. Baina sarritan barruak gauza batzuk aldarrikatzea eskatzen didala. Gero ezer egiten ez badut ere.