Zorionak Jokin, baina...

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2005ko urr. 24a, 16:10

Sailkatu da Jokin Uranga Euskal Herriko bertsolari txapelketako finalaurrekoetara. Zorionak berari, bejondeikala. Uztaritzeko saioan lortu zuen pasea. Neu ez nintzen han izan, baina inguruko asko bai. Eta Jokin espero baino motelago ibili zela esan didate. Baina hala ere ondo. Eta hor du esku artean aurrera egiteko txartela.

Baina Onintza Enbeitak ez. Eta sekulako saioa egin omen zuen. Laguna dut oso bera, eta lankidea, eta pena eman dit hark lortutako puntuazioak. Poto bat egin omen zuen, bai, baina hortik aurrera bikain ibili ei zen. Ez dit berak esan, hori baino apalagoa da Onintza. Saioan izandako beste batzuk esan didate. Kartzelako bertsoekin malkotan utzi omen zituen ikusle asko. Eta txapelketan parte hartzen ari diren bertsolari asko ere haserre omen dira Onintzari emandako puntuazio eskasa dela eta. Ah, eta azpeitiarren batzuk ere bai. Durangon parrandan zebilela esan omen zioten: “ez gatxauden ados hiri emandako puntuaziyo bajuekin”.

Betikoa izango da. Epaileena errua. Baina Onintza Enbeitaren potoa Arkaitz Estiballesena baino gogorrago zigortu ei dute. Arrasateko saioan egin zuen Estiballesek poto, baina puntu gehiago izan ditu.

Eta Onintzak ez du kexarik. Ezta penarik ere. Oso oso gustura omen dago egin duen lanarekin, jendea gustura gelditu zelako bere bertsoekin. Hodei batean bezala omen dago oraindik. Ba segi horrela, merezi duzu-eta. Zorionak nire partetik, niretzat onena zarelako. Eta lau urte barru, vendetta!

Eta zorionak Jokin Urangari ere. Uztaritzen motel xamar ibili arren sailkatzea lortu badu, abilidade latza duelako izan delako. Hemendik aurrera nire animo guztiak berarentzat izango dira. Lehen Onintzarekin lehian zen, baina hura bidean gelditu denez...