Azkeneko tragoa

Erabiltzailearen aurpegia Estitxu Elduaien 2005ko urr. 18a, 19:10

Unibertsitate garaiko lagunak izan ditut bisitan, asteburuan. Madrildik etorri dira horietako asko, eta betiko moduan, urbanita izatearen alde txarrak azpimarratu dizkidate. Eta “probintzietako herri txiki batean” bizitzearen onurak, ustez.

Zein polita den Azpeitia. Esan didate behin eta berriz. Xoxotera joan eta zein polita den hura ere. Zelako lasaitasuna somatzen den kalean. Zein berdea den ingurua.

Landetako errotondara iritsi arte. “Alaaa, zer egiten dute fabrika hauek hemen herri barruan? Eta INOX hori zer da, enpresaren bat?”. Kar, kar, parrez erantzun diet. Ezetz, diskoteka bat dela, baina itxita dagoela. Eta ez dut jakin zergatia azaltzen.

Exkerretegira joaten nintzen garaiak kontatu dizkiet orduan. Ez dira hain aspaldikoak. “Baserri batean zegoela diskoteka? Kar, kar… zuek bai ‘ruralak’”. Eta ni nahi badute barre egiteko, baina leporaino beteta egoten zela, eta bere zerbitzua ondo baino hobeto egiten zuela.

“Eta orain, nora joaten zarete?”. Ba egia esan, inora ez. Beno, asko, soziedadetara. Baina, horretarako eduki egin behar soziedadea. Beste batzuk etxera joango dira, bakanen batzuk. Eta askok kotxea hartuko dute. “Alde honetan kotxea hartzeko ohitura handia duzue, eh, edanda egon arren. Jende asko hil da istripuan, ez?” Noski. Autobusa ere gustura hartuko genuke, edo trena, baita abiona ere. Baina horretarako egon egin behar.

Madrilen etxeetara joan eta han amaitzen omen dituzte parrandak. Ez da ideia txarra. Noski. Baina horretarako etxea ere eduki egin behar. Eta bizilagunik gabekoa, ahal bada. Bestela agoazila ate joka.

Eta nik larunbatean 8. mailako ikaskideekin afaria daukat. Non hartuko ote dugu azkeneko tragoa?