Joxe Agirrek emazte zenari

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2013ko urt. 16a, 21:56
Gaixotasun luze baten ondoren, 2000ko irailaren 8an hil zen Maria Luisa Odriozola Odriozola, Joxe Agirre 'Oranda' bertsolariaren emaztea, 55 urterekin.\ \ Garai hartan, Joxin Iturriotz, Urolaldea Bertsolari liburua idazten ari zen, Ikasberri ikastolaren beka bati esker. Emazte hil berriari bertso batzuk jartzeko proposamena egin zion Joxeri, liburuan argitaratzeko. Hurrengo bisitan buruan zituen Joxek hamahiru bertsoak. Hark kantatu eta Joxinek entzun ahala papereratuak dira bertso hauek, eta Urolaldea Bertsolari liburuan argitaratu ziren.\ \ Joxe Oranda bera joan zaigun honetan, egoki iruditu zaigu bertso hauek Erniarraitzen atarian berriro argitaratzea.\ \ NERE EMAZTE ZANARI\ \ 1) Nere ustetan gaia badaukat\ bertso batzuek jartzeko,\ nahiz ta animo gutxi daukadan\ holako lanak hartzeko.\ Bururik jaso ezinik nabil,\ elbarri baten antzeko,\ eta asmoa hartu det orain\ sentipenak agertzeko.\ \ 2) Irailaren zortzigarrenez\ maitearen heriotza,\ gauza mingotsik izaten bada\ hori bai dala mingotsa.\ Arantzazuko Aman egunez\ ehortzia zen hilotza,\ harrezkeroztik penaren morroi\ bizi da nere bihotza.\ \ 3) Lau seme-alaben gurasoa zen\ eta nere emaztea,\ bost bilobaren amona ere bai,\ bera oraindik gaztea.\ Harritzekoa ez da izango\ penak azaltzen hastea,\ zein tristea dan hura eramanda\ gu era hontan uztea!\ \ 4) Sei hilabete egin gabea\ etxeko bilobatxua,\ ez du luzaro aprobetxatu\ amonan magal goxua.\ Ahal zuen arte haurra gozatzen\ ahalegintzen zen gaixua\ eta badakit noiz eman zion\ bere azkenengo muxua.\ \ 5) Urte erdiko haur txiki batek\ ez du hainbat ezaguera,\ edozeinekin konformatzen da\ eroso badago bera.\ Helduagoak egiten zuten\ erantzun zaildun galdera:\ “noiz joan behar det berriz, aitona,\ amonaren magalera?”.\ \ 6) Berrogei eta hamabost urte,\ ez du eraman adinak,\ hoietatikan hogeita hamasei\ nere onduan eginak.\ Egun batean batu ginuzen\ benetako maiteminak,\ orain betiko sakabanatu\ heriotzan eraginak.\ \ 7) Bizimodua ikusten gendun\ hain etorkizun argiko,\ zenbait garaitan pentsa ziteken\ inoiz ez ginela hilko.\ Heriotz gaizto beldurgarria\ maltzurra da nerekiko,\ ni bizirikan utzi nau baina\ penak sufritzen betiko.\ \ 8) Egun guzian gauz bat buruan,\ aitortu behar det zinez,\ eta gauean lo egin nahi ta\ begirik itxi ezinez.\ Ikusten ez dan zauria daukat,\ baina beti dago minez,\ okerrena da noiz arteraino\ iraungo duen jakin ez.\ \ 9) Gauzak hartutzen jakin behar da\ etortzen diren moduan,\ nere aspaldiko lagun zahar batek\ horrela zion lehenguan.\ Esaten zidan: “Zure andrea\ ondo egongo da zeruan”,\ erantzun nion: “Etxian ere\ sobratuta ez zeguan”.\ \ 10) Biok elkarri lagundutzeko\ behin hitza eman genduan,\ ahal dan artean saiatu gera\ borondate ondraduan.\ Bakoitzak bere bizilaguna\ daukazutenak onduan\ ez dakizute galdu zaionak\ zer falta bilatzen duan.\ \ 11) Dolumin eta karten emana\ oraindik ez zait atertu,\ hoiek pozikan hartutzen ditut,\ nahiz eta malkoak lehertu.\ Hoinbeste lagun ikusirikan\ penak arintzeko gertu\ bihotz bihotzez nahi nuke baina\ ez dakit nola eskertu.\ \ 12) Alde hortatik poztutzeko ere\ arrazoia badaukat nik,\ hainbat lagun on ikusten baitut\ noranahitara juanik.\ Baina oraingoz ez dut pentsatzen\ munduan inor badenik\ nik dadukadan barren ilun hau\ argitu lezakeanik.\ \ 13) Seme-alabak sasoiko dauzkat,\ estimatutzen nautenak,\ ni zoriontsu ikusi nahirik\ ahal dana egiten dutenak.\ Hoiek bezela senide eta\ andrean aldeko denak,\ beti goguan izango ditut\ on egiten didatenak.\ \ Joxe Agirre Oranda