Odei Barroso txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia da hau Erniarraitz |
2012ko mar. 25a, 00:32

Bertso plaza ederra da Azpeitiko Gaztetxea, goxoa. Jendea, batez ere jende gaztea noski, erraz joaten da bertara pare bat orduko saioaz gozatzera, tragoa eskuan. Bete egin zen ostiralean ere, ia 300 lagun bertaratu baitziren.

Odei Barroso (Urruña), Aimar Karrika (Auritz), Eneritz Artetxe (Azkoitia), Aitor Urbieta (Zarautz), Arrate Illaro (Algorta) eta Amaia Iturriotz (Urretxu) ziren kantuan, VI. Erniarraitz Sariketaren finalean, Gurutze Oiarzabal gai-emaile finaren aginduetara.

Barrosok eraman zuen txapela eta gaueko momenturik politenetakoa utzi zuen jasotako txapela, ama gogoan, aitari eskaini zionean.

Azpeiti betiko dut
buruan gordeta
noa burua hutsik
bihotze beteta.
Aita gaur egin duzu
gaztetxera buelta,
nahiz euskaraz ez jakin
ulertu tarteka.
Heriotza etorri
zitzaigun kolpeka;
zuretzako txapel hau,
nere sariketa,
zure begitan ama
ikusten dut-eta.

Ez zaitezte irakurtzearekin konformatu, ikusi eta entzun bideoan, Barrosoren kantaerak eta Laboaren doinuak merezi du-eta.

Urbieta izan zen bigarren eta Iturriotz hirugarren; ez ziren kanporaketetako irabazleak kasualitatez atera. Bertso onenaren saria ere Urbietak eraman zuen, kartzelakoan botatako lehen bertsoagatik. Atzetik sailkatu ziren Illaro, Artetxe eta Karrika.

Plazari eta bertako entzuleei erreferentzia eginez hasi ziren kantuan sei bertsolariak. Tokatzen zen. "Guri eskaintzen diguzuena, zueri eskaintzeko gai" (Barroso); "publikoaren neurrikoa, baldin bada" (Illaro); "beraz onena ematen..." (Artetxe). Ez zen asko fio Urbieta eta "bazpare errezatzen hasi zaitezte" esanez hasi zuen. Beharrik.

Asmoak asmo, ez zen punta-puntako saioa atera. Sariketa bertako kanporaketaren bat hobea izan zenaren sentsazioarekin atera ziren batzuk gaztetxetik, baina horrek ez du esan nahi gogoratzeko moduko alerik eta arrazoirik izan ez zenik.

Zortziko haundian, bikote egokitu ziren Barroso eta Karrika. Eguna lanean pasa eta etxean, lanak egin eta umeak oheratu ondoren, sofan eseri ziren. Barrosok telebista piztu nahi zuen; Karrikak ez. Zuzen hasi zen Barroso, Teledonosti piztu nahi zuela esanez, gero han ikusitakoak egiteko. Karrikak asmatu zuen oheratu berri zituzten bi umeei izenak jarrita, Mikel eta Jone. Eta orduan ahaztu zen Barroso telebistaz eta ohera bidean "egin dezagun suabe; baina hori bai, gure Mikeltxu ta Jone esnatu gabe" aprobetxatu zituen Karrikak emandako izenak. Asko entzuten ez zen doinua hartu zuten Barroso eta Karrikak eta saioa erraz entzuteko modukoa izan zen, Barrosok bigarrenean poto bat egin bazuen ere.

Artetxe eta Urbieta, berriz, bertsolari paperean jarri zituzten. Artetxe nekatuta zeraman bizimoduaz, koadrila faltan botatzen zuela; Urbieta, gogotsu. Hain zuzen ere bertsoa koadrilatik ihes egiteko "aitzakia" zela bota zuen Urbietak; Artetxek, koadrila zuela hark "aitzakia", bertsoa eta "Urbieta beragandik urruntzeko", "friki" xamartzat baitzeukan Urbieta Artetxek.

Illaro eta Iturriotz, erretzaileak. Illarok zorrotz betetzen du legea; Iturriotzek, ez. Errima estu xamarrekin egin zituen hiru bertsoak Iturriotzek -gerora ere hartuko zituen holako lanak- eta ale ederrak utzi zituen. "Orroa... harroa... zigarroa... antsietatea ekartzen baitit, ta gainera katarroa".

Zortziko txikiko ofizio izan zuten ondoren. Alabaren irakaslea ezagutzera joan eta 30 urte lehenago bere irakasle izan zen Barroso bera topatu zuen Urbieta aitak. "Hara Aitor Urbieta, klaseko kirtena; orain badakit nondik, datorren problema" laburtu zuen egoera Barrosok eta ideia horren jira-biran osatu zuten Barroso berak "baina beste umerik, ez zazu ekarri" esanez bukatu artekoa.

Bezperan Karrikarekin egindako juergaren argazkiak Facebooken jarri zituen Illarok. Karrikak ez zion horren gaizki hartu, "argazki onenak galdu egin zenitun" eta lasaituta. Ezetz, hoiek "Tuentian ondo baitaude gordeta" bota zion Illarok. Eta azkenean, Illaro berak, "denak ez ditut jarri, nahi baduzu jakin... baten agertzen zinen, gustura, atsegin... zure neska ez ziren beste hirurekin".

Artetxe amak, Iturriotz alaba pintura eskolara bidali zuen eta etxeko horman grafitiak egiten ari zen orain. Martxa hortan, "goizez lo egiten ere, ezingo dit laga, apuntatutzen badet, bertso eskolara" bukatu zuen Iturriotzek.

Umorerako tarteak bilatu nahian zebiltzan sei bertsolariak ordura arte, tartean entzuleei parre txikiren bat ateraraziz, baina saioak biribiltzen kosta eta jendea pizteko nahikoa lanekin. Eta, hara, zer diren gauzak. Hamarreko txikiko gaiak, oso serioak hiruak, bide eman zien bertsolariei serio aritzeko, hori bai, baina baita jendea apur bat pizteko ere.

Gazte asanbladako bi kide Illaro eta Urbieta, kezkatuta gaztetxea taberna huts bihurtzen ari zelako. Anai-arrebak Barroso eta Artetxe, hasarretuta elkarrekin baina orain, ezbehar batek berriro elkartuta. Azken harremanaren ondoren bere buruaz beste egitea erabaki zuen Iturriotz Karrikaren bikoteak.

Denek utzi zituzten ale politak eta osatu zituzten ondo hamarrekoak. Besarkada eskatu zion Barrosok, "egin amarengatik, gugatik ez bada" gaian esaten zen ezbeharra konkretatu eta amaren hiletan elkartu zirela esanda. Testamentuaren beldur agertu zen Artetxe, "ea ez duen banatzen gaur elkartu dena". Ez zela beragatik eta ez gaizki hartzeko esanez ari zitzaion Iturriotz Karrikari, baina ez zion sinesten. "Halere iruditzen zait, niregatik dela". Berriro errima estuekin Iturriotz... "eskuk, batzuk, heriotza emanez zure bizitzan truk, ... barkatzen ez badidazu, ulertuko dizut". Urbietak autogestioa aipatu zuen eta gero, taberna izarea gutxiegi gabe "nahi duena etorri ta dezala edan, baina jakin dezala nora etortzen dan".

Puntutan aritu ziren ondoren, tartean puntu erantzun azkar eta ederrak utziz baina doinuekin-eta erritmoarekin asmatu ezinda. Nabarmentzekoa Artetxek larrialdiku mediku paperean erakutsi zituen erreflexuak. Gaixo zetorrena Barroso zela bota zion Karrikak eta baietz, Artetxek, "errezilko bandeja txuria dirudi" Errezilen Barrosok irabazitako bandejari erreferentzia eginez, lehenago ere irtenda baitzen bandejaren aipamena.

Eta, horrenbestez, kartzela. Kupelaren "bizi zaitez bizi" kantuaren zatia entzunarazi zitzaien bertsolariei: "bizi zaitez bizi, ahalikan ondoen, inork ez baitakigu, bihar zer dagoen". Eta handik tiraka osatu zuten saioa bertsolariek.

Filosofiko Barroso ("momentua bizitzen, ikasi dezagun") eta Illaro ("baina zergatik gogoratzen da beranduegi denean"). Konformexeago eta lurtarrago Karrika ("biziki ongi bizi naiz") eta Iturriotz ("zeinen pozik bizi naizen"). Arrazoia emanez, Artetxe ("adibide itzela, konturatzeko esaldi batek, egi asko dioela") eta gertuko baten heriotza gogoan, etsituago Urbieta. Ariketa honetako bere lehen aleak eraman zuen saioko bertso onenaren saria.

(...)
momentukoa probestu.
ta okerrena da aukera hori
ez dagola gure esku.

Agur politekin bukatu zen saioa eta aurtengo Sariketa. Familia eta gertukoak izan zituzten gogoan Artetxek (pankarta haundi bat zuen atzean, "Aizpurutxotik gaztetxera, txapeletik txapelera"), Urbietak eta Iturriotzek "ez dago zertan izenik esan, jakin behar dunak badaki") eta gero txapel ematea etorri zen.

Erniarraitzen urte askoan lan ixil pila egin duen Eduardo Kaminburuk jarri zion txapela Barrosori. Baina ez zen ixilik eseri, utzi zuen bere alea, jendeak biziki eskertu ziona.

Sukaldetikan irten orduko
hau da hau nire trantzea
eman beharra izan dalako
txapelaren balantzea.
Zorion onenak Odei laguna
bihotzetik bihotzea.
Gora Erniarraitz, gora bertsoa
ta Azpeitiko Gaztetxea.

Eskertuko ez zitzaion ba bertsoa, non han eta nori Eduardori?

Barrosoren agurra etorri zen gero baina hori, hasieran bertan aipatua dago jada. Esan dugu irakurri baino ikusi eta entzutea hobe duzuela, ezta?

Oharra: datozen egunetan izango duzue finaleko bertso onenen laburpen-bideoa ere hemen ikusgai. Jarri dugu jada laburpen bideoa http://uztarria.com/komunitatea/erniarraitz/133... helbidean. Gozatu.

Bidali:  

Erantzunak

atsaldez | 2012-03-26 : 01:48

bejondaikela!! ta eskerrak eta zorionak erniarraitzi!!

Erabiltzailearen aurpegia da hau Mauge Barroso | 2012-03-26 : 09:16

Zorionak Odei txapeldun!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu