Begietan

Erabiltzailearen aurpegia da hau enekoetaiban |
2008ko ots. 25a, 19:02





Esnatzen ari zara,
bizitzaren erroldan ageri zaizu arnasa.
Erretzear den mundua zureganatzear.
Zer esan nahi didazu?
Zertan gordetzen zara bizitzaren lubakietan?
Goiz da zuretzat.
Begietan.

Ilunabarretan.
Hezurrez eginiko lepokoaren kraskak,
Rub al-Jali handiaren uhuriak.
Hutsaren irribarreak asaldatzen zaitu.
Goiz da zuretzat.
Begietatik.

Urik ez den lekuan
neskatoa itotzear.
Zure begietan
eskua luzatuta.
Zure begietan bereak zabalik.
Urik ez den lekuan.

Ilargia azken laino batek besarkatu du.
Ate azpian argia da.
Goiz da zuretzat.

Non egingo du lo Djamilak?


*******************


Djamilari sortaldetik datorkio zigorra.
Ehun beltzak, oinak sugarretan.
Djamila basamortuko zuntz-hausturetan ezkutuka dabil,
nerabezaroa gautzen zaiolarik.
Bihotza entzuten du Djamilak,
hondar-ekaitzek itsutzen dutelako.
Zurrunbiloetan zure begien durundiak
gatz putzuetatik haratago,
ametsen mundura darama Djamila.

Gaur, gamelu zaharren baten haragiak
hiltzeko beste modu bat eskeini diezaioke.


********************


Antzina ziren begi zureak
egipziar erreginen niniak.
Lurralde antzu zirenetan,
lurralde siku direnetan.
Emaidazu ostertza,
marraztu zaidazu zerua izarrez josia.
Zuk ikusten duzuna gura dut
heriotzak libre eraman nazan.

Gari sailak.
Ispiluetan zuhaitzak
hosto urdinez.
Zaldi askeen irrintzia.
Gailurretako elur gaztearen baitan
egarria asetu zaidazu.

Pago eroriaren sutondoa,
egongelako pianoa.
Anai-arreben berotasuna.
Sukaldea.
Amaren presentzia hilezkorra.
Bizkarrean eskua,
sorbalda bat.
Aita.


Textua: Eneko Garmendia
Argazkia: Iban Etxezabal


Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu