Paperezko jainkoen munduan, deserririk ez

Erabiltzailearen aurpegia da hau enekoetaiban |
2007ko abe. 5a, 19:12




Presondegiko hesiak erori direla zabaldu da.
Berria, ez dabil aske,
klandestinitatea du bide.
Automatak edonon, erahilketak.
Ez dut denborarik, ez dut denborarik.
Apenas esperoan egoterik daukadan
ekialdean zer ageriko.
Gezurra ala miseria den altxatuko.
Hesiak.

Zurrun joan beharra,
itzalak baliatuz,
ia desagertzeraino, tentuz.

Baliteke bidea,
milia amaigabea,
milia bakarti bihurtzea.
Jarraitzaileak gorroto ditut,
gorrotoz bizi naiz eta.
Ez dago jada Hamelinik,
xirularia erbesteratua izan zen.
Baliteke eroritako hostoen artean galtzea,
baliteke bai,
noraezean.

Baina munduak biran dirau.
Atexka itxi, asperen bat.
Dena abian.

Gogaituta,
ametsa luzapenean.
Amets gaiztoenean kateatuta.
Aspertu naiz jateaz,
harea gorrietan goseak
hilotzak uzten dituenean.
Egonezina sortzen dit ispiluak,
ito egin nau paperezko jainkoen munduak.

Zertara hator, zergatik hoa?
Erromes.
Zalantzak ilunabarrean.
Itsasoak bakarrik josi ditzakeen labana zauriak.

Harkaitza belauntziarekin.
Oihalak, brankak eta popak.
Baborretik estriborrera,
kateen fereka luzea ahaztu nahirik.
Askatasuna, heriotzean bada ere.
Pakea.
Deserria?

****************

Egia da.
Gartzelako hesiak erori dira.
Orain, odaiertzera begiak.
Ikuspegia ezin hotzagoa suertatu zait,
lotarakoan urdinagoa zen dena.
Oihal aunitzeko belauntzi zuririk ez,
bi arraun lokartu eta txalupa mesfidati bat.
Horra altxorra.

Jatorri ezezaguneko opari kaxaren
patuaren jabe sentitzen naiz.
Ireki...ez.
Pozoina...lurrina.

Hemen, ene fisterra pribatuan,
leiho hautsiaren teoriak
inoiz baino indar gehiago duen honetan,
galbiderako, munduaren galbiderako
gurutz-bidea zabalik da.

Altzairua egur bilakatzen ikusi dut.
Errepide marraztuak utzi eta
bidezidorretako txadonetan
txanponak harrika boteaz.
Hamaika gizon gehiago giltzapetik
atera nahian eskuak urratu ditut.
Gaur ordea bide-orriari morrontza zor diot.
Lur-muturra oinazpian dudala.
Puzzlea osaturik.
Jainkoa bera ere epaitzera ausartuko nintzateke,
ene jainkoa, neuk ordaindutakoa.

Apika, azken lerroak idaztera nator.
Terranovako olatuak, bizia palkarik gabe.
Arraun, itsasoaren gatzagetan zauriak erre arte.
Boga, zigor untzietakko atabalen doinu makurra.
Arraun, izua patroi.
Udazkeneko baso birjinak soilik gogoratu nahi ditut.
Boga, malenkonia ezaren anestesiaz.

Mugaren baitan,
munduak nola gogoratuko ote nauen otu zait,
gogoratuko ez dudan mnduak berak.
Ezerezaren orenean.
Ur-jauzi infinitu batean lebitatzea xede.
Mila urtez, mila urtez.


Textua: Eneko Garmendia
Argazkia: Iban Etxezabal

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu