Datorrenaren Zain

Erabiltzailearen aurpegia da hau enekoetaiban |
2007ko mar. 9a, 15:03



Normaltasunez amaituko dela dirudi.
Urak bare antzean.
Hogeita hainbat orduren buelta horri so.
Akabo gaurkoa.
Hala dirudi.

Azken boladan ametsak aldrebesten zaizkit.
Marmario sakon bat.
Danbor edo dunbel hotsa, ez dakit,
etengabe bailaratik.

Egunerokotasunaren plazerrak.
Ostiral arratsaldeko kafea,
garratz sumatu dut.

Ametsetan blai,
zerua gorritzen ote den iruditu zait.
Ba ote?

Etxeruntz.
Jendea gora begira.
Zeruak dakar, nonbait, egia.
Atetik kalera pausoak.
Isiltasunak kateatuta,
inguratzen nauen beirazko munduan
kostaldea agertzen zait.
Itsasuntziak noraezean.
Marruka ilunabarra.

Bost ontz zuri eguerdian.



Lurrak hondoratzen diren gunean.
Begiak lausotu aurretik.
Berandu baino lehen.

Bihotza hotz.
Hilerria agerian.
Itsasuntziak, bata bestearen ondoan.

Begiak soberan, ezinezkoa ikustea.
Lur-muturrean garrasi egin diot
untzi beltz bati.
Alferrik da.

 

Hortzak agerian babesetik.
Kroskoa kraskaka.
Urak daramatza gorpuak.

Izuarekin solasaldian,
hondartza bera marrazten saiatu naiz.
Eguzkiaren laztan atsegina,
uraren naturaltasuna.
Murgildu eta edabe zenekoa.

Altxamendura deituak, ozeano eta zeruak.
Inteligentziaz haratago, indarkeria.
Lurrunetara kondenatuak.

Lurruna, mundua itsutzeko.
Lurruna, gizakia jo eta zanpatzeko.
Zurrumurrua, azken kolpearen bezperan.



Lapurtzat dut ene burua.
Lege guztien gainetik, aske.
Lotsagabe.

Nazkagarria.
Erosotasunaren jainkosari
eliza eraiki diot.

Txikizioaren itun berritik abiatuta,
natura hanka azpian preso.
Itsasoa, ai itsasoa.
Lehortu nahi izan dut,
biltegi bilakatu.
Anker halakoa.
Hotzak bero.
Gazia, gozo.
Ondorengotzarik ez da jada.

Neurekoikeriaren mugetan dantzan.

Datorrena pairatu beharra
iritsi zait ustekabean
Ametsak gaizto.
Egiaren zaztada gordina.
Ostertzean, zerua gorritzen hasi da.
Zerua gorritzen hasi da,
urak urruntzen arratsean.
Arnas hartu dut, nahi dut.
Zeruak kezkatzen nau.
Soldadu beltzak prest.

Badator.
Haitzak zorrotz,
itsasoa oldartzear.
Gizateria aienez jantzia.
Odola.
Lapurrak gartzelan, urkamendira bidean.
Amaieran, hasierara.
Liburuaren lehen orrialdera.
Idazlearen esku.

Bost ontz zuriĀ…

 


 


 

Testua: Eneko Garmendia
Argazkiak: Iban Etxezabal

 








Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu