Gaztetxoei zuzendutako gune berria sortu du Emakumeen Txokoak

Erabiltzailearen aurpegia Emakumeen Txokoa 2020ko urr. 5a, 15:42

Neska* gazteen txokoa Azpeitiko DBH3tik hasi eta 18 urte bitarteko neska* gazte guztiei zuzenduta dago. Gaztetxoek taldean feminismoa landuko dute, antolatuz eta borrokatuz, hainbat ekimen diseinatzeko eta gauzatzeko.

Emakumeen Txokoak gune berria sortu du: Neska* gazteen txokoa. Asmoa da herriko hezkidetza programatik garatzen diren Autoantolaketako ikasleek lanketan jarraitzea. Horrela, gune horren helburu nagusia izango da ikuspegi feministatik formatzeko ikastaroak, antolatzeko baliabideak eta ekimen anitzak antolatzea. Bertan, feminismoa landuko dute taldean, eta, antolatuz eta borrokatuz, ekimen desberdinak diseinatuko eta gauzatuko dituzte.

Neska* gazteen txokoa, Autoantolaketa taldetik pasatu eta 18 urte egin bitarteko espazioa izango da. Beraz, Azpeitiko DBH3tik hasi eta 18 urte bitarteko neska* gazte guztiei zuzenduta egongo da. Bertan, berauen interesetatik zein eskaera pertsonaletatik abiatutako eskaintza espezifikoa bermatuko da. Hori horrela, herriko Neska* orori irekitako gune bezala irudikatzen dugu. Egun burutzen diren Jabetze Eskolen izaera antzekoa izango dute, baina beraiei zuzendutako ekimen espezifikoak izango dira. Halere, horretaz gain, nahi dutenentzat (eta Autoantolaketaren ildo beretik) ekimen zehatzetarako bilera eta prozesu kolektiboak dinamizatuko dira.

Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak eta Neska* Gazteen Txokoko dinamizatzaileak elkarlanean arituko dira honi guztiari forma eman eta nesken* beharrei erantzuteko lanean. Ekimen zehatzetarako bilera eta prozesu kolektiboak ikasturte osoan zehar egingo dira. Printzipioz, Autoantolaketako gazteekin izandako esperientziari jarraiki, ostiraletan eskaniko da. Dena dela, erabiltzaileen beharretara moldatzeko aukera egongo da. Jabetze tailerrei dagokionez hiru egun eta ordu hauetan burutuko dira: lehenengoa, Edertasun ereduak eta lodi erresistentziak urriaren 30ean izango da, 17:00etatik 18:30era; bigarrengoa, Maitasun erromantikoaren mitoak, azaroaren 20an, 17:00etatik 18:30era, eta hirugarrena, Autodefentsa feminista, abenduaren 5ean, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era. 

Tailer horietan parte hartzeko, izena eman beharko da, ekimenaren eguna baino bost egun lehenago. Hala ere, urriaren 16an, ostirala, lehenengo bilera egingo da, 17:30ean. Bilera eta ikastaro guztiak Azpeitiko Emakumeen Txokoan izango dira.

Animatu parte hartzera. Neska gazteak ere formatu eta antolatu!