'En transito' dokumentala eskainiko dute ostegunean, zaintza lanetan aritzen diren emakumeen egoera ezagutarazteko

Erabiltzailearen aurpegia Emakumeen Txokoa 2017ko mai. 16a, 19:16
Emakumeen Mahaiak, Azpeitiko Udalak eta Paradisu Zinema Zineklubak antolatuta, 'En transito' film-dokumentala eskainiko dute ostegunean, 21:00etan hasita, Soreasu antzokian. Sarrera doakoa izango da.\ \ 'En transito' dokumentalak zaintza kate globalaren parte diren latinoamerikar emakumeen errealitatera gerturatzen du ikuslea. Ikus-entzunezkoaren protagonistak itsasoa zeharkatu eta Europara etorrita, zaintza lanetan aritzen dira; beraien familia beste emakume batzuen zaintzapean uzten dute sorterrian, eta seme-alaba horiekin duten harremana, bizi behar duten nazioz gaindiko egoeraren ondorioa da. Dokumentalak, gertuko bezain ezkutuko errealitate horren berri ematen du. \ \ Dokumentalaren sorkuntzan aritu ziren Bidez Bide elkarteko kideak osteguneko emanaldian izango dira, eta proiekzioaren ostean solasaldia eskainiko dute.