"Hilean aparteko 90 ordu sartzera iritsi zen Luis Enrique Soriano, bere nominen arabera"

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2023ko mai. 22a, 09:11

Elkar-ekinek adierazi duenez, dominikar gazteak eskuz idazten zituen hilean sarturiko orduak, eta horrela agertzen dira bere nominetan. Osalanek adierazi zuen moduan, enpresak produkzio prima gisara ordaintzen zizkion ordu guzti horiek. Elkar-ekinek Uztarriaren komunitatean egindako ekarpena da honako hau. 

2021eko uztailaren 30ean, lan egiten zuen enpresan hilik agertu zen Luis Enrique Soriano gaztea. Gauez, nagusiarekin azken liskarra izan ondoren, bere buruaz beste egiteko erabakia hartu zuen. Gipuzkoako Lan Ikuskaritzak egindako txostenaren arabera, pieza bat gaizki atera zen, eta gerenteak kargu hartu zion gazteari. Eztabaida bat izan zuten, eta nagusiaren arabera pieza hurrengo egunean konpontzea "adostu" zuten. Gaua zen ordurako, eta kontratuaren arabera Sorianok arratsaldeko 17:00etan atera behar zuen lanetik. Hurrengo eguna jai-eguna zen herrian, baina lanera joango zela "adostu" zuten.

Lan Ikuskaritzak hainbat arau-hauste larri ikusi zituen Sorianoren kasuan: besteak beste, gehiegizko ordu kopuruak, zegozkion oporrak ez egitea eta beste langileekiko tratu ezberdindua aipatzen ditu 2022ko uztailaren 7an argitaraturiko txostenean.

Sartzen zituen lanorduen harira, horrela zioen Osalanen txostenak bere ondorioetan: "Ohikoa zen langileak aparteko orduak egitea, zeinak ez ziren fitxatzearen bidez kontatzen. Prima gisara ordaintzen zitzaizkion nominan".

Luis Enriquek nominak gordetzeko ohitura zuen, eta nomina horietan eskuz eta lapitz batekin idazten zituen hilabete horretan sartu zituen aparteko orduak zenbat ziren. Adibidez, Elkar-ekinek ekarpen honetako irudian agertzen diren nominetan ikus daitekeen gisara, 2019ko apirilean 90 aparteko ordu egin zituen, eta 2019ko otsailean 92 ordu. Espainiako Estatuan, legez, urtean 80 aparteko ordu sartu daitezke.

Elkar-ekinen ustez, lanean jasan zituen gehiegikerien erakusle argia dira nomina hauek. Esplotazio egoera horren eta bere suizidioaren artean loturak daudela pentsatzen dugu, eta gaia argitzeko lanean jarraitzeko asmoa dugu adierazi nahi dugu.