Bilbora iristen diren errefuxiatuen egoera ezagutzeko irteera antolatu du Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2023ko urt. 2a, 17:02

Errefuxiatuei laguntzen aritzen diren herritarrekin hitz egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek, baita horiek egiten duten lana bertatik bertara ikustekoa ere.

Azken urteetan elkarlanean aritu gara Euskal Herrira iristen diren errefuxiatuei laguntzen dieten taldeekin, besteak beste, Irungo Harrera Sarearekin eta Bilboko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearekin. Elkargunean bildutako arropa eta dirua Bilbora bidali izan dugu, asko baitira bertara iristen diren pertsona errefuxiatuak. Oraingo honetan, bertaraino joango gara pertsona horiek bizi duten egoera zein den eta elkartasuna nola antolatzen den ezagutzeko. Irteera urtarrilaren 14an egingo dugu, larunbatez.

10:00etan abiatuko da autobusa anbulatorio aurretik. 11:30ean hango lagunekin elkartuko gara, eta solasaldia izango dugu. Bazkaldu ondoren, 16:00ak aldera abiatuko gara berriz ere Azpeitira.

Autobusa dohainik izango da, eta gaian interesa duten guztiak gonbidatu nahi ditugu irteeran parte hartzera. Pertsona errefuxiatuen egoera sakonago ezagutzeaz gain, eguna elkarrekin igarotzeko aukera polita eskainiko digu irteerak.

Izen-ematea elkar_ekin@hotmail.com helbidera idatzita egin daiteke, Elkar-ekinen sare sozialen bidez edo Elkargunean bertan.