Lan esplotazioaren aurkako margolanak egin dituzte Azpeitiko hiru sortzailek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2022ko aza. 18a, 13:26

Olatz Alkortak, Iñigo Bordak eta Iban Izagirrek esplotazio egoera ezberdinak eta Luis Enrique Sorianoren aurpegia marraztu dituzte mural banatan. Asteburu honetan herriko plazan egongo dira lanak ikusgai, eta datozen asteetan herriko hainbat txokotan jarriko dituzte Elkar-ekineko kideek.

Azpeitian (ere) gauzatzen diren lan esplotazio eta prekarietate egoerak erakusteko asmoz, hiru mural handi kokatu ditugu Elkar-ekineko kideok gaur goizean herriko plazan. Talde horrek eta herriko hiru sortzailek elkarlanean egindako egitasmo horrek herriko hainbat txoko hartuko ditu datozen asteotan, zeinaren bidez errealitate horiek erakutsi eta esplotazio egoerak salatu nahi diren.

Olatz Alkortak herriko hainbat fabrikatan bizi dituzten lan baldintzak irudikatu ditu bere lanaren bidez, Iban Izagirrek zaintza eta garbiketa lanetan dabiltzan emakume migratzaileen egoera islatu du eta Iñigo Bordak Luis Enrique Sorianoren aurpegia margotu du. Sorianok  bere buruaz beste egin zuen iaz herriko enpresa batean.

Herritar askoren egunerokoa da lanean prekarietate eta jazarpen egoerak sufritzea. Elkar-ekinen gai horren inguruko sozializazio eta salaketa lana egiten ari gara azken hilabeteetan, eta jaso ditugu testigantza gordinek argi erakusten dute arazo larri batean aurrean gaudela.

Oraingoan, artearen bidez eta herriko sortzaileekin elkarlanean landu nahi izan dugu gaia. Hiru artistei eskerrak eman nahi dizkiegu egitasmo honetan parte hartzeko hasieratik erakutsi duten prestutasunagatik eta egin duten lan ederragatik.