"Elkargunearen erabiltzaile kopurua goraka doa, eta datozen garaietarako prest egon nahi dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2022ko urr. 10a, 09:15

Boluntario lanetan aritzen diren herritarrek bilkura egin zuten pasa den ostiralean. Elkar-ekinen arabera, %20 igo da salmenten kopurua, eta igoera hori egoera ekonomikoaren okertzearekin lotu zuten bertako kideek.

Zazpi urte bete dira Soreasuko Elkarguneak ateak ireki zituenetik, eta geroztik, ostiralero eta larunbatero izan ditu ateak zabalik. Zazpi urte horietan proiektu berriak gauzatu dira bertan, besteak beste, bigarren eskuko arropa saltzeko eta banatzeko beste espazio bat ireki zuten duela bi urte. Etxeetan eta pertsonen bizitzetan oinarrizkoak diren produktuak eskaintzen dira bi espazio horietan: arropaz gain, altzariak, koltxoiak, sukalderako tresnak, mantak, izarak, bizikletak, jolasak eta kirola egiteko tresnak aurkitu daitezke. Herritarrek ekarritako materialak dira, eta herritarren artean prezio merkean saltzen dira bertan. Horrez gain, arropa dohainik banatzen dute beharrik handienak dituzten herritarren artean.

Ostiraleko bilkuran azken urteko balantzea egin zuten. Elkar-ekinen arabera, %20 igo da salmenten kopurua, eta igoera hori egoera ekonomikoaren okertzearekin lotu zuten bertako kideek. Datozen garaietarako prestatu beharra aipatu zuten. Elkartasuna antolatzeaz gain, berrerabilpenaren garrantzia ere azpimarratu zuten aurkezle lanak egin zituztenek, eta aurrera begira, etxez etxeko material bilketa indartu nahi dutela adierazi zuten. Lan horiek guztiak egiteko boluntarioen lana ezinbestekoa dela aipatu zuten: "Denak gara beharrezkoak, egunero hemen dabiltzanak, astean behin etortzen direnak eta urtean lau egiten dituztenak". 

Elkargunean egin beharreko lanez gain, bestelako asmo batzuk ere azaldu zituzten, prekarietaren gaia lantzea, Errigora, Xiberuko ikastolen aldeko saski banaketa eta abar.

Bilkuraren ondoren mokadutxoa egin zuten bertan bildutakoek.