"Zatoz Elkar-ekinera"

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2022ko abu. 31a, 16:08

Elkartasun sarea indartzeko boluntario berrien bila dabil taldea, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu ditu.

Jada larria den egoera sozioekonomikoak okerrera egingo du datozen hilabeteetan, itxura guztien arabera. Hori horrela, herritarren arteko elkartasuna antolatzen jarraitzea eta aurrez sortuak diren sareak indartzea garrantzitsua dela pentsatzen dugu Elkar-ekinen. Elkartasun hori jarrera antikapitalista batetik lantzea izan da gure xedea hasieratik, ekonomian eta gizartean errotiko aldaketak eman ezean, nekez amaituko baitugu herritar askok sufritzen duten bazterketa, esplotazio eta pobrezia egoerekin. Lan horretan gure aletxoa jartzen jarraitu nahi dugu ikasturte honetan ere, eta, horretarako, bolondres lanak egiteko prest dauden herritar gehiago elkartu nahi ditugu osatua dugun sarearen inguruan. Parte hartzeko aukerak honakoak dira, besteak beste:

  • Astelehenetan, 10:00etan, arroparen antolaketa eta Elkargunearen txukunketa lanak. Sei pertsona inguru biltzen dira lantalde honetan, normalean.
  • Astearteetan, 17:00etan, biltegiko lanak eta Elkargunearen hornitzea. Ondoren, 18:30ean, taldearen asteko bilera egiten dugu zortzi lagunek, eta bertan erabakitzen ditugu Elkarguneari dagozkionak eta kalera begira egingo ditugun ekintzak. Bilera horietara etortzeko ateak ere zabal-zabalik daude.
  • Ostiral eta larunbatetan irekitzen dugu Elkargunea, eta txanda bidez funtzionatzen dugu. Momentuz, 20 talde inguru gaude, bakoitza hiru pertsonakoak, eta talde bakoitzak urtean lau txanda egiten ditu.
  • Furgonetarekin etxeetatik materiala ekartzen aritzen gara astean zehar, baita asteburuan Elkargunean saldutako altzariak etxeetara eramaten ere (lan horiek ez dira finkoak eta astearen arabera aldatzen dira).
  • Urtean bitan, beharrik handiena duten herritarrei doan banatzen diegu arropa. Aste horietan lan pilaketa handia izaten dugu.
  • Urtean bitan, Errigorako kanpaina eta produktuen banaketa egiten dugu herrian. Eskaerak asko hazi dira urtez urte, eta banaketa antolatzeak lana eskatzen du.

Guztietan behar dugu jendea, eta animatzen dena ongi etorria izango da gure artera. Malgutasuna eskaini nahi dugu lana egiteko orduan, bai egutegiaren aldetik, bai ordutegiaren aldetik ere. Askotariko konpromisoak daude Elkar-ekinen barruan, baina boluntario guzti-guztien lana da beharrezkoa.

Norbaitek goian aipaturiko lan horietakoren batean lagundu nahiko balu, kanal hauetakoren bat erabilita jar daiteke gurekin harremanetan.

  • Korreoa: elkar_ekin@hotmail.com.
  • Telefonoa: 644 96 16 06.
  • Aurrez aurre: Elkargunean, ohiko ordutegian, edo Elkar-ekineko kideren batekin, zuzenean.