Soreasuko Elkarguneak eta arropa dendak asteburu honetan irekiko dituzte ateak

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2022ko abu. 25a, 15:59

Irailean zazpi urte beteko ditu proiektuak, eta herritarren parte hartzea garrantzitsua izango da aurrerantzean ere, taldekideen arabera.

Azken urteetan erabiltzaileen kopuruak gora egin duela ikusita, Elkargunearen urteko zerbitzua zabaltzeko erabakia hartu du Elkar-ekinek, eta abuztuaren azken astean. gabonetako lehen astean eta Aste Santuko lehen astean ateak irekita izango dituzte bi lokalek. Asteburu honetatik aurrera, beraz, irekita egongo dira bai Elkargunea eta bai bigarren eskuko arropa denda, ohiko ordutegietan: ostiraletan 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:30etara.

Etxeetan oinarrizkoak diren materialak ahalik eta egoera txukunenean eta merke eskaintzea da Elkar-ekinen helburuetako bat, eta Elkargunea ezinbesteko espazioa da helburu horri erantzuteko. Horretarako, herritarren parte hartzea beharrezkoa izango da aurrerantzean ere. Erabilgarri dauden baina erabiltzen ez diren materialak biltzen jarraitu nahi dugu, modu merkean eskaini eta egon daitezkeen beharrei erantzun ahal izateko. Bereziki, etxeetan beharrezkoenak diren materialak jasotzen jarraitu nahi dugu: orotariko sukaldeko tresnak, altzari txikiak, oheak, koltxoiak, somierrak, izara eta mantak, bizikletak, jolasak, arropa eta abar. Erabiltzaileen kopuruak gora egin du azken urteetan, eta ikasturte honetan era ahalik eta zerbitzu txukunena eskaintzen saiatuko da taldea.

Egoera sozioekonomiak ekar ditzakeen egoera larriez jakitun, eta pobreziak are gehiago joko ditu hainbat herritar datozen hilabeteetan. Herritarren arteko elkartasun sareak indartzea beharrezkoa dela ikusten dugu, eta eginahal kolektibo horretan bere aletxoa jarri nahi du Elkar-ekinek, nagusiki Elkargunearen proiektuaren bidez.