Musikaren eta hitzaren bidez oroituko dute etzi Luis Enrique Soriano dominikar gaztea

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2022ko uzt. 27a, 11:49
Biharko ekitaldian parte hartuko duten herritarretako batzuk.

Ekitaldia antolatu du Elkar-ekinek ostiralerako, hilaren 29a. 21:30ean hasita, herriko eta jatorri latinoamerikarreko musikariek hartuko dute parte, poesiak ere lekua izango du, eta herrian jasotako esplotazio testigantzak irakurriko dira. Sorianoren hurbilekoek ere hitza hartuko dute Soreasuko Elkargunearen ondoko plazan egingo den ekitaldian.

Larunbatean, hilaren 30ean, urtea beteko da Luis Enrique Soriano gazteak bere buruaz beste egin zuenetik. Egun arraroak izan ziren hasierako haiek. Lehen astean, horrelako kasuetan ohikoa ez den isiltasuna nagusitu zen herrian. Zurrumurru gutxi batzuk izan ziren han eta hemen, baina inork gutxik zekien Landetako enpresa hartan zer gertatu zen. Sorianoren senideak izan ziren Elkar-ekinekin harremanetan jarri zirenak. Gau hartan gertatu zena azaltzeaz gain, gazteak enpresa horretan lanean zeramatzan hiru urteetan jasan zuen esplotazio eta jazarpen egoeraren inguruko azalpenak eman zizkieten senideek Elkar-ekineko kideei: lanaldi amaigabeak, oporrik ez, gaixo lanera joan beharra, gero eta lan zama handiagoak, presioa eta oihuak. Baziren aste batzuk Luis Enriquek bere hurbilekoei honakoa esan ziela: "Ezin dut gehiago".

Elkar-ekinek gaztearen testigantza publiko egitea erabaki zuen, eta egun gutxira protesta bat egin zen herriko plazan, hainbat sindikaturen eta eragileren babesarekin. Egun, kasua epaitegietan aurkitzen da.

Herriko jaien lehen egunarekin batera izango da heriotzaren urtemuga, eta gure aldetik beharrezkoa ikusi dugu Luis Enriqueren kasua oroitzea eta gaztearen memoria aldarrikatzea. Horretarako, ekitaldi txiki bat antolatu dugu ostiralerako, hilaren 29a. 21:30ean hasita, herriko eta jatorri latinoamerikarreko musikariek hartuko dute parte, poesiak ere lekua izango du, eta herrian jaso ditugun esplotazio testigantzak irakurriko dira. Sorianoren hurbilekoek ere hitza hartuko dute Soreasuko Elkargunearen ondoko plazan egingo den ekitaldian.

Lan esplotazioa gure herrian ematen den errealitate larrienetako bat da. Azken hilabeteetan, 40 testigantzatik gora jaso ditugu herritarren artean, eta gehiegitan isilean igarotzen diren egoera horiek mahai gainean jartzea beharrezkoa dela pentsatzen dugu. Pertsona gutxi batzuek beraien onurarako beste pertsona batzuk esplotatzen dituzte gure herrian ere, gero eta basatiagoa den eredu kapitalista izanik egoera horiek ahalbideratzen dituena.

Gure aldetik, herritarren arteko elkartasuna antolatzen eta eredu horren aurka egiten jarraitu nahi dugu aurrerantzean ere. Datozen garaietan, inoiz baino beharrezkoagoa izango da.