Herriko eta inguruetako euskaldun berriekin solasaldia izango da apirilaren 5ean, Korrikaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2022ko mar. 28a, 19:24

Munduko hainbat txokotatik etorritako bost lagunek euskara ikasteko prozesuan izan dituzten bizipenak partekatuko dituzte solasaldira bertaratzen diren herritarrekin. Basazabal jauregian eskainiko dute solasaldia, 18:30ean hasita. 

Euskaldun berrien ahotsak izenburua daraman solasaldia antolatu du Elkar-ekinek Korrikaren bezperetan. Bertan, gurera edo inguruko herrietara etorri diren bost pertsonen testigantzak izango ditugu entzungai. Hizlariek euskara ikasteko bidean izan dituzten eta izaten ari diren bizipenak partekatuko dituzte hitzaldira bertaratzen diren herritarrekin.

Tarana Karim (Azerbayan), Pablo Vazquez (Soria), Alice Golfart (Brusela), Michaela Fortoba (Txekia) eta Jaqui Guzman (Honduras) arituko dira hizlari lanetan. Zergatik erabaki zuten euskara ikastea, zein metodologia erabili duten horretarako, bidean zein zailtasunekin topo egin duten eta euskarak zer eman dien kontatuko dute, besteak beste.

Solasaldia apirilaren 5ean izango da, 18:30ean, Basazabal jauregian.