Egunerokoan ezinbestekoak diren materialak behar dira Soreasuko Elkargunean

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko aza. 10a, 12:16

Herritarrei etxeetan soberan dituzten eta erabilgarri dauden hainbat material Elkargunera eramateko deia egin die Elkar-ekinek. Izan ere, azken asteetan produktu zehatz batzuen falta sumatzen ari direla azaldu du taldeak.

Sei urte dira Elkarguneak ateak ireki zituela, eta urtero-urtero gora egin du bertara hurbiltzen den herritarren kopuruak. Horrez gain, Azpeititik kanpora ere elkartasun egitasmo ezberdinetara bideratu ohi dugu materiala, nagusiki arropa. Azken asteetan, produktu zehatz batzuen gabezia sumatzen ari gara, eta denon artean Elkargunea ondo hornitzea beharrezkoa dela sentitu dugu. Eguneroko bizitzan behar-beharrezkoak diren material horiek baitira erabiltzaileek gehien eskatzen dituztenak.

Horregatik, herritarrei honako eskaera hau luzatu nahi diegu: ekar ditzatela Elkargunera etxeetan soberan dituzten, eta, aldi berean, erabilgarri dauden honako materialak.

- Koltxoiak
- Somierrak
- Altzari txikiak
- Sukalderako materiala
- Mantak
- Berogailuak
- Lotarako zakuak
- Motxilak
- Kanpinak
- Esterilak
- Sofak
- Bizikletak
- Mahaiak eta aulkiak
- Egurrezko sehaskak

Elkargunea herritar askoren ekarpenaren emaitza da, bertan lan egiten duten boluntarioez gain, asko eta asko baitira astebururo materiala dohaintzan ekartzen duten lagunak. Jarrera hori zabaldu nahi dugu herritarren artean, herritar guztien etxeetan oinarrizkoak diren materialak egon daitezen. Pobrezia egoeran dauden herritarrak asko dira gurean ere, eta elkartasuna sendotzea beharrezkoa dela ikusten dugu, egoerak ez baitu hobera egingo datozen hilabeteetan.