Azpeitiko lau puntutan eta sarean eska daitezke jada Errigorako saskiak

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko urr. 25a, 18:17

Eskaerak egiteko epea azaroaren 11 bitarte luzatuko da, eta hilabete amaierarako banatuko zaizkie saskiak eskatzaileei.

Udazkenero moduan, Euskal Herriko bazter guztietan zabaldu da egunotan Errigorako kanpaina, baita Azpeitian ere. Nafar hegoaldeko produktuekin osaturiko saskiak eskuratzeko izango dute aukera aurtengoan ere, beraz, herritarrek. Kanpaina joan den larunbatean hasi zen, eta azaroak 11a bitartean egongo da saskiak eskatzeko aukera.

Azpeitiko kasuan, Elkargunean, Elikagunean, Orkatzen eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin egin ahalko dira eskaerak. Puntu horietan guztietan informazio zehatza izango dute eskaera egiteko asmoa duten herritarrek. Leku horiez gain, sarean ere egin daitezke eskaerak, honako helbide honetan: www.errigora.eus.

Saskiak azaroaren amaieran iritsiko dira herrira, eta hurrengo egunetan egingo zaie banaketa eskatzaile guztiei, bai herrian eskatu dutenei, bai sarean eskatu dutenei.

Saski horien salmentarekin lortzen den diruaren %25 Nafarroa hegoaldearen euskalduntzea bultzatzeko erabiliko da.