Ziburun trenak harrapatuta hil ziren hiru pertsona migratzaileak gogora ekarri ditu Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko urr. 16a, 16:59

Heriotza horiek arduradun politikoak dituztela salatu du taldeak. Irungo mugan bizi den egoera ezagutzeko irteera antolatu du Elkar-ekinek datorren larunbaterako.

Pasa den asteartean, Algeriatik zetozen hiru pertsona hil ziren Ziburuko (Lapurdi) tren geltokian, trenak harrapatuta. Laugarren bat larri zauritu zen, eta, haren arabera, Irungo muga pasatu eta poliziari ihesean zebiltzala gertatu ziren heriotzak. Bi hilabete igaro dira beste pertsona migratzaile bat Bidasoako ibaia zeharkatu nahian ito zenetik. Egoera oso larria da Irungo (Gipuzkoa) mugan, pertsonak hiltzen ari dira. Arduradun politikoek harrera duin baten alde egin beharrean, poliziaren eta jazarpenaren alde egin dute, beste behin.

Heriotza horiek ez dira zoriaren ondorio. Heriotza horiek arduradun politikoak eta polizialak dituzte. Europara etorkizun hobe baten ametsarekin etortzen diren milaka errefuxiatuk bizi behar duten errepresioaren ondorio dira. Afrikan zehar egin beharreko bidaia latza izan ohi da, baina itsasoa pasatuta ere jazarpen horrek guztiak ez du etenik.

Elkar-ekinetik gogor salatu nahi dugu arduradun politikoak eta poliziak pertsona migratzaileen aurka egiten ari direna. Uste dugu urgentziazkoa dela pertsona orori dagozkion giza eskubide guztiak bermatuko zaizkion harrera duin bat antolatzea. Horrez gain, migrazio olatu horien jatorrian dauden arrazoietara jo behar dela uste dugu: pobrezia, esplotazioa, expolioa, gerra egoerak eta orotariko jazarpenak. Izan ere, mugak itxi eta poliziaren bidez arazoa "konpondu" nahi duten horiek beraiek dira, kasu askotan, herrialde horietan pairatzen duten egoeraren arduradunak.

Begien bistan dugu errealitatea, eta ezin ditugu begiak itxi. Beharrezkoa da gertatzen ari denarekiko kontzientzia hartzea eta salaketa indartzea. 

Horregatik egin dugu ekimen hau, eta horregatik Irungo mugan bizi den errealitatea ezagutzeko irteera antolatu dugu datorren larunbaterako. Herritarrak ekimen horietan eta etorriko direnetan parte hartzera gonbidatzen ditugu. Guztion presioa eta ekarpena beharrezkoak izango dira egoera horiekin behin betikoz amaitzeko.